AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/14 10:43

Interes tasak estutzen direnean, kapital finantzarioaren katebegi ahulenak kraskatu egiten dira, haren oihartzunak izu bankarioa eragin eta kate osoa hausteko arriskuarekin. Amerikako Estatu Batuetan (AEBak) horixe gertatu da azken egunotan. Silicon Valley Bankek (SVB) porrot egin zuen joan den ostiralean, martxoaren 10ean, banku zentral nagusiak azken inflazio krisiari aurre egiteko interes tipoak igotzen hasi zirenetik sortutako lehen porrot handia eraginez. Baina kontua ez da hor amaitzen, 2008an Lehman Brothers hondoratu zenetik AEBetan izan den erorketa finantzariorik handiena ere izan baita, SVB herrialdeko hamaseigarren banketxe komertzial handiena izaki. SVBren jarraian, cryptotxanponen merkatuari lotutako Signature Bank jausi da, egun bakarrean %22tik gorako beherakada izan ostean. Oraingoz, AEBetako agintariek "kutsatze-efektu orokortua saihesteko" jardun dute, gordailuetan esku hartuz eta interes tasen igoerak geldiaraziz.

SVB teknologien sektoreko startup-ak, arrisku handiko enpresak, finantzatzean oinarritzen zen. Gisa horretako enpresek ez dute diru-sarrera nahikoa izaten, eta, baldin badute, arriskuko inbertsio-funtsetatik eratorritakoa izan ohi da; nahiko fidagaitza. Beraz, startup horien negozioak ezegonkorrak direnez, ohiko banketxeek ez diete kopuru handiko mailegurik ematen. SVBk, justuki, abagune hori betetzen zuen AEBetako finantza-merkatuaren barruan, eta interes tasa baxuei esker funtzionatzen zuen. Bere diru-sarreren arrisku maila altua tarteko, banketxe horren negozioa ez zen mailegu garestiagoetan inbertitzean oinarritzen, AEBetako Gobernuaren zor-bonuetan baizik, Altxorraren bonuak deiturikoak. Ordea, interes tasen igoerek bonu horien errentagarritasunaren jaitsiera eragiten duenez, SVBren diru-iturri nagusia ukituta geratu da azken urtean.

Su-hesia

Bankuak bezeroek eskatzen zioten dirua itzultzeko premia zuenez, SVBk oso merke saldu behar izan zituen Altxorreko bonuak, kostatu zitzaiona baino askoz ere merkeago. Beste banku batzuk berdin kutsatu ez daitezen, Erreserba Federalak dirua utziko die, Altxorraren bonuak bere garaian ordaindutako prezioan onartuz. Likidezia-txute horrekin, galera masiboetatik babestu nahi dituzte bankuak. SVBri dagokionez, Altxor idazkaritzatik argi utzi dute "ez dutela osorik erreskatatuko". Joe Biden AEBetako presidenteak "lasaitasunerako deia" egin die estatubatuarrei, "egoera kontrolpean dagoela" adieraziz. Badirudi "kutsatze-efektu" delakoa moztu dutela, tokian tokiko burtsak eta Credit Suisse bezalako banketxeek beherakada esanguratsuak izan arren.

Hori ikusirik, Michael Roberts eta Adam Tooze ekonomialariek uste dute SVBren erorrera ez dela "kasu isolatua", eta horren berehalako zergatia "Erreserba Federalaren interes tasen igoerak" izan direla diote. Izatez, banketxe kaliforniarra ez da Altxorraren bonuen prezioen jaitsieraren aurrean balantze negatiboak izan dituen bakarra. Interes tasek gora egiten jarraituz gero, Wall Streeten bazekiten beste finantza erakunderen bat ere jausiko zela.

Eragina Europan

Oraingoz, "egoera monitorizatzen ari dela" adierazi du Europar Batasunak (EB). SVBren presentzia Europan "oso mugatua" dela ziurtatu du Europako Batzordeak. Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak ere ez du kutsatzeko arrisku espezifikorik ikusten EBko erakundeetan. Hala ere, SVBren erorrera mundu osoko bankuen kotizazioetan sumatu da, nolabait. Espainiako Estatuaren kasuan, finantza erakundeek emaitza kaxkarrak izan zituzten atzo, jaitsiera handiekin. Ibex 35ean, Espainiako Estatuko burtsa indize nagusian, %3,51ko beherakadarekin itxi zuten astelehena, azken hamar hilabeteetako emaitzarik kaxkarrena. Europako gainerako bankuetan antzeko joerak ikusi dira. Oraindik ez dago argi zenbaterainokoa den jaitsiera horren esangura, eta adituek ez dute hondoratze orokorraren hipotesia aintzat hartzen.

Hipotekak eta zor publikoa

SBVren kasua alde batera utzita, azken urtean banketxe ugarik ezohiko irabaziak izan dituztela ikus daiteke. Santanderrek, adibidez, bere urtebeteko irabazi tasa guztiak gaindituta, %20 gehiago irabazi zuen 2022an, eta Caixabankek ere 2021ean baino %30 gehiago irabazi zuen. Datu horiek aipatutako interes tasen igoerarekin dute zerikusia, izan ere, mailegu-emaile ugari dituzte banku horiek hipoteka aldakorrei lotuta. Beraz, interes tasek Euriborraren interes erreferentzia tasa ere igotzea ekarri dutenez, Espainiako Estatuko oligarkia finantzarioak irabazi historikoak izan ditu.

Txanponaren beste aldean, zor publikoaren auzia legoke. Alde batetik, inflazioak estatuen zor publikoa gutxitzea dakar, iraganeko zorren prezioa gutxitu egiten baita egungo diruak balioa galdu ahala. Baina, bestalde, zor hori norbaitek finantzatu behar die, eta banku zentralek beren zor publiko erosketa masiboak gutxitzen ari direnez, estatuek banku edota inbertsio funts pribatuetara jo behar dute euren zorra berriz finantzatzeko.

Benetako arrisku sistemikoa eragin dezakeen balizko krisi baten hasiera hemen legoke, beraz: interes tipoen igoerak eta izu bankarioak neurriz kanpo zorpetuta dagoen estatu baten bonu ugari dituen banku baten gainbehera eragitea. Estatuen zorrak sostengatzen dituzten banketxeak hondoratu beharko lirateke arazo larriez hitz egin ahal izateko. Kasu horietan, banku zentralek eta Nazioarteko Diru Funtsak esku hartu beharko lukete gainzorpetuta dauden hainbat estatu erreskatatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK