Donostiako (Gipuzkoa) Hedonai estetika-zentroko langileek hilabeteak daramatzate haien lantokiko lan- eta osasun-baldintzak salatzen, eta horren harira hasi zuten borrokaldi bat, Donostiako Kontseilu Sozialistako Langile Autodefentsa Sarearekin batera. Irail erdialdean jakinarazi zutenez, zentroko azpiegitura-arazoak direla-eta, beharginei osasun-arazoak azaleratu zaizkie azken hilabeteetan; izan ere, "kostuak murrizteko", "osasunarentzat kaltegarriak diren baldintzetan dituzte lanean", Langile Autodefentsa Sarearen esanetan. Hala, zentroko osasun-baldintzak bermatzeko neurriak har ditzala exijitu diote enpresari. Horretaz gain, hitzarmenari lotutako eskaera batzuk ere egin dizkiote zuzendaritzari; besteak beste, haien ordutegietan izan diren azken aldaketen ondorioz, okerragotu egin direlako lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko baldintzak. Borrokan jarraitzen dute, beraz, eta aurreko ostiralean, irailaren 30ean, lehenengo protesta egin zuten. Hedonai. Zure irabaziak gure gaixotasuna leloa zeramaten kartelak eskuan hartuta, elkarretaratze bat egin zuten zentroaren parean. Langileek une horretan topatu zuten aldatuta zentroko ateko sarraila, bai eta barrura sartzeko segurtasun kodea ere. Jakinarazi dutenez, langileek egindako eskaeren aurrean, haien "egoera are gehiago okerragotzea" eta haien "kontrako neurriak hartzea" izan da enpresaren erantzuna: beharginak kaleratu nahian ari da zuzendaritza, nahiz eta bajan dauden haietako hiru. Informazio guztia hemen: https://gedar.eus/aktualitatea/protestak-hasi-dira-donostiako-hedonai-aurrean/