AKTUALITATEA / Langile kontrolpeko espazioak
Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea husteko agindua eman du epaileak
Duela 10 egun izan zen Kaxilda gaztetxearen aurkako epaiketa. Eraikinaren berehalako hustea eta Aiztondoko Gazte Asanbladako bi kideren aurkako hiru hilabeteko espetxe zigorra eskatu zituen fiskaltzak. Gaur jakinarazi du ebazpena epaileak: gaztetxearen desalojoa agindu du. Mobilizazioei adi egotera dei egin dute Aiztondoko gazteek, eta gogoan izan dituzte aste honetan Gernikan hustu duten Bloke Naranja eta desalojo arriskuan dagoen Hondarribiko Gaztetxea.
2019eko abenduaren 13
Zizurkilgo Kaxilda gaztetxea husteko agindua eman du epaileak

Gaur, abenduak 13, argitara atera da Zizurkilgo (Gipuzkoa) Kaxilda gaztetxearen aurkako auzibidearen ebazpena: eraikinaren berehalako hustea agindu du epaileak. Duela 10 egun izan zen gaztetxearen aurkako epaiketa Tolosan (Gipuzkoa), eta fiskaltzak eskaera gogorra egin zuen: espazioaren berehalako hustea zein Aiztondoko Gazte Asanbladako bi auzipetuen aurkako hiru hilabeteko kartzela zigorra galdegin zituen.

Epaileak bat egin du eskaera horrekin, eta dagoeneko eman du desalojo agindua. "Aiztondoko gazteok ilusioz eta sakrifizioz kolektibizatutako espazioa kenduko digute egun hauetako batean", adierazi dute asanbladako kideek. Hala, mobilizazioei adi egotera dei egin dute.

"Despolitizatuta eta mendeko nahi gaituzte, baina gu, antolatzera eta borrokatzera etorri gara; norgehiagokan baino, elkartasunean oinarritutako bizi eredu batean sinesten baitugu", diote. Bestalde, gogoan izan dituzte aste honetan bertan Gernikan (Bizkaia) hustu duten Bloke Naranja, eta desalojo arriskuan dagoen Hondarribiko Gaztetxea, Hondarribiko (Gipuzkoa) Egiluz jauregian kokatua dagoena. "Elkartasun eta babes osoa zuentzat".