AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Bizkaiko metalean aurreakordioa sinatu ahal izatea lortu dute langileek, hilabeteetako borrokaren ostean
Udaren atarian hasi zuten borroka Bizkaiko metalgintzako beharginek, sektoreko lan hitzarmena helduleku. Hainbat hilabetez grebak eta mobilizazioak egin ondoren, zenbait sindikatuk eta patronalak aurreakordioa sinatzea, eta besteak beste, bertan soldaten igoera jasotzea lortu dute langileek. Historia idatzi dute azken hilabeteetan; 50.000 langile dira sektorean, eta %80etik gorako jarraipena izan dute greba deialdiek.
2019eko azaroaren 27
Bizkaiko metalean aurreakordioa sinatu ahal izatea lortu dute langileek, hilabeteetako borrokaren ostean

Metal Enpresen Bizkaiko Federakuntzarekin aurreakordiora iritsi dira CCOO, LAB eta UGT sindikatuak, sektoreko lan hitzarmena aldatzeko. Beharginek uda hasieran abiatu zuten borroka, hitzarmen kolektiboa aldatu zedin. Hilabeteetako greba, mobilizazio eta etengabeko protestei esker, sindikatuek eta patronalak aurreakordioa sinatu ahal izatea lortu dute. Bertan, besteak beste, langileen soldaten igoera jaso dute.

CCOO sindikatuak adierazi duenaren arabera, hitzarmen berriak hiru urteko iraupena izango du. Hala, soldaten igoera ondorengoa izango da: 2019. urtean, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) gehi %1,75 igoko dira, eta 2020. eta 2021. urteetan, KPI gehi %1,5.

Soldaten igoeraz gain, sektorean sexuaren araberako lan banaketak eragindako emakumeen debaluazioari aurre egiteko oinarriak jarriko dituzte, nahiz eta atal hori guztiz zehaztu gabe geratu den. Enpresetan berdintasun planak garatzeko berdintasun batzorde bat sortzeko "konpromisoa" hartuko dutela esan dute sinatzaileek.

Aurreakordioko puntuak, baina, lausoak dira oraindik, eta negoziazio gehiago ekarriko dituzte datozen hilabeteetan. ELA akordiotik kanpo geratu da; denbora eskatu du.
Azken orduko akordioa
Azaroa erdialdean, biharko eta ostiralerako grebara dei egin zuten langileek. Astearte amaieran, baina, hitzarmena aldatzeko oinarriak ezarri zituzten sindikatuek eta patronalak; hala, bertan behera geratu dira deialdiak.
Egiari zor, azken hilabeteotan historia egin dute Bizkaiko metaleko langileek. Herrialdean behargin gehien biltzen dituen sektorea da, 50.000, eta etengabe hartu dituzte kaleak. Esaterako, gogoangarriak dira hilabete hasieran BECen egindako protesta, bortizki erreprimitua izan zena; Bilbon (Bizkaia) urria hasieran egindako mobilizazio erraldoia, aste osoko greba arrakastatsua gorenera eraman zuena; edota ekaineko lanuzte eta mobilizazio jendetsuak. Ekainean gutxi gorabehera %80eko jarraipena izan zuten grebek, eta urrian, %85ean kokatu zuten datua.