Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek greba orokorrera deitu dute gaurko, 1.500 euroko gutxieneko soldata eskatzeko, eta, azken hileetan, deialdiarekin bat egin dute hainbat eragile sozialek eta politikok. Goizean, han-hemenka izan dira piketeak eta aldarrikapen-ekintzak, eta manifestazioak ere egin dituzte lau hiriburuetan; bai sindikatu nagusiek antolatutakoak, bai beste kolektibo eta sindikatu batzuek kapitalismoaren aurka deitutakoak.
Aurreneko orduan jarri dira martxan piketeak, eta hainbat bide-mozketa egin dituzte: Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Pasaiako Portuko eta Trintxepeko sarrera moztu du, eta bat egin dute portuko langileek; Gasteizen Gamarrako Atea eta Cantabrico Hiribidea itxi dituzte hainbat grebalarik, armagintzan jarduten duen Aernnova enpresa seinalatzeko; Bilboko, Gasteizko nahiz Leioako unibertsitateetako hainbat eraikin zarratu dituzte ikasleek; Bilbon, Andoaingo N-1 errepidean zein Mutiloan bide-mozketak egin ditu LABek, eta Berriozarrerako sarrera blokeatu du CNTk, besteak beste. Bestalde, EHKS eta CNTk eserialdi bat egin dute Santurtziko portuan, arma-industria salatzeko, eta Bilboko amarratzaileei elkartasuna adierazi diete bertan. Horrez gain, atzo greba mugagabea hasi zuten Amurrioko Tubos Reunidoseko beharginek, eta azken asteetan egin duten modura, lantegi pareko zubian elkarretaratu dira gaur.
Goiz osoan zehar aritu dira piketeak grebara batzeko deia zabaltzen: esku-orriak, margoketak, auto-karabanak eta beste ikusi dira Hego Euskal Herri osoan barrena, eta hainbat enpresa eta erakunde seinalatu dituzte langile-klasearen miseriaren erantzule modura. Gasteizen, esaterako, EHKS eta CNTren piketeetan jomugan hartu dituzte ostalaritzako patronala, Adecco eta Ranstad Aldi Baterako Lanerako Enpresak (ETT) eta Vitas eta ASPY mutualitateak; Iruñean, CEN patronalaren egoitzaren aurrean bildu dira EHKS, Solidari, CGT eta CNTren piketeak, eta Segurtasun Sozialeko Institutu aurrean egin dute errepide-mozketa bat; Bilbon, Petronor markatu dute hainbat gasolindegitan; eta Barakaldon, Megaparken barrena sartu dira CNTren piketeak, Mercadonaren kaleratzeak eta eskubide sindikalen aurkako erasoak salatzeko.
Hainbat tokitan, piketeen aurka oldartu dira polizia-indarrak. Iruñerrian, Segurtasun Sozialeko Institutu aurrean nahiz Txantrean jo dute manifestarien kontra; Ezkerraldean, Campillo industrialdean; eta Bilbon, EHKSren piketeei jazarri diete Abandoko geltokitik irten direnean eta Teknikariok sindikatuko kide bat atxilotu dute eguerdian. Ertzaintzak egunari buruz egindako balantzea jaso du elDiario.eus-ek, esate baterako: EAEn 177 esku-hartze egin dituzte ertzainek, hiru atxilotu eta 165 identifikatu izan dira, eta lau pertsona zauritu dituzte.
Kapitalismoaren aurkako manifestazioak hiriburuetan
Gaurko mobilizazioen barruan, kapitalismoaren kontrako manifestazioak izan dira hiriburuetan. EHKSk antolatu ditu Bilboko eta Donostiako mobilizazioak, Kapitalisten ofentsibaren aurrean, klase-borroka hedatu aldarritzat hartuta. 11:00etan hasi da Donostiako manifestazioa, Bulebarretik; eta ordu-erdi beranduago Bilbokoa, Arriagatik.
Gasteizen, berriz, elkarrekin prestatu dute mobilizazio bat EHKSk eta CNTk, Frente a la ofensiva capitalista, langileok borrokara! lelopean. 11:00erako ipini zuten hitzordua, Andre Mari Zuriaren Plazan. Iruñean ere batera egin zuten deialdia EHKSk eta Nafarroako hainbat sindikatuk, hain justu, CGT, Solidari eta CNTk berak. 11:30ean hasi da manifestazio hori, Errekoleten Plazatik, Condiciones de vida y de trabajo dignas. Kapitalismoari aurre egin aldarriaren pean. Hainbat kolektibok egin dute bat protestarekin; Dar Etxea, Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS), Antikapitalistak, PIM, Gazte Komunistak, Gerrarik Ez, Sustrai Erakuntza, Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sarea (LAS), Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta hARITUk, zehazki.
Sindikatu nagusien manifestazioak
Eguerdian, 12:30ean hasita, Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek (ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru) antolatutako mobilizazioak izan dira Bilbon, Donostian, Eibarren, Gasteizen, Iruñean eta Tuteran. Gutxieneko soldata hemen erabaki. SMI 1.500 euros lelopean mobilizatu dira milaka pertsona, eta zutabeak ere izan dira hainbat sektoretan eta lantegitan manifestazioen aurretik. Arratsaldean, bestelako egitarauak eta mobilizazioak izango dira herri ugaritan.










