Martxoaren 17rako, datorren astearterako, greba orokorrera deitu dute Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek. Azken asteetan deialdira batu dira hainbat eragile, tartean, Mugimendu Sozialista: "langile-klasearen borroka hedatzeko" beharra nabarmenduz, greba-egunean kapitalismoaren aurka mobilizatzeko deia zabaldu du. Horri lotuta, beste hainbat kolektiborekin eta sindikaturekin batera, mobilizazioak antolatu ditu egun horretarako.
Nafarroako hainbat eragilek otsailaren amaieran aurkeztu zuten martxoaren 17rako mobilizazio-deialdi bateratu bat, Bizi- eta lan-baldintza duinak, kapitalismoari aurre egin! aldarriaren pean. CGT, Solidari, CNT eta EHKSk prestatu dute manifestazioa, eta hainbat kolektibok egin dute bat; hala nola Dar Etxea, Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS), Antikapitalistak, PIM, Gazte Komunistak, Gerrarik Ez, Sustrai Erakuntza, Iruñerriko LAS, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta hARITU elkarlaguntza-sareak. Iruñeko Errekoleten Plazatik hasiko da mobilizazioa, 11:30ean.
Gasteizen ere indarrak batu dituzte CNT eta EHKSk, eta batera egingo dute manifestazio bat martxoaren 17an, 11:00etan Andre Mari Zuriaren Plazatik abiatuta. Frente a la ofensiva capitalista, langileok borrokara! lelopean zabaldu dute deialdia.
Donostian eta Bilbon ere mobilizatuko da EHKS greba-egunean, goizez: 11:00etan ekingo diote Gipuzkoako hiriburuko manifestazioari, Bulebarretik; eta 11:30erako jarri dute hitzordua Bizkaiko hiriburuan, Arriaga Plazan. Kapitalisten ofentsibaren aurrean, klase-borroka hedatu! hartu du lelo nagusitzat EHKSk.
Zergatik mobilizatu?
"Bizi- eta lan-baldintzen okertze orokortua jazotzen ari den testuinguru honetan, langile-klasearen borroka hedatzea eta sozialismoaren eroale bilakatzea ezinbestekoa da. Horregatik mobilizatuko gara martxoaren 17an Hego Euskal Herriko hiriburuetan", azpimarratu du Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak. Oinarrizko sei aldarri mahaigaineratu ditu, greba-egunaren atarian: "Langile-klasearen pobretzearen aurka, kalitatezko bizi-baldintzen alde, estatuen autoritarismoaren aurka, ofentsiba inperialistaren aurka, greba orokor borrokalari baten alde, klase-borroka naziortean hedatzearen alde".