EFEMERIDEAK / Errepresioa

Urriak 10: Vicente Velascoren erailketa

1976ko irailaren 26an, "inkontrolatuek" muturreko jipoia eman zioten Vicenteri Laudion, eta urriaren 10ean zendu zen.
Urriak 10: Vicente Velascoren erailketa

Duela 50 urte, 1976ko urriaren 10ean, Vicente Velasco hil zen Basurtuko ospitalean (Bilbo, Bizkaia), zauri larrien ondorioz. Izan ere, bi aste lehenago, ziur aski "inkontrolatuek" muturreko jipoia eman zioten Vicenteri, Laudion (Araba). 39 urte zituen behargin arabarrrak.

Urte luzez, irailaren 27ko greba orokorrean ez parte hartzeagatik, herriko Aceros enpresako lankideek piketean Velasco jipoitu eta erail zutela uste izan zen, kontakizun hori zabaldu baitzuten iturri ofizialek. Alabaina, Jose Ignacio Alvarado lankideak bertsio ofiziala ikertu eta argitara atera zituen iturri polizialen kontraesanak eta gezurrak.

Hala, kasua erabat ebatzita ez badago ere, Alvaradoren ikerketak hainbat argi-izpi eskaini ditu: batetik, zauri horiek ez ziren greba-egunekoak, aurreko egunekoak baizik; eta, bestetik, grebaren bezperan, goizaldeko ordu txikiak arte bi lagunekin batera Marbella tabernan egon zen Vicente, harik eta herriko eta lantegi bereko eskuin muturreko bi militanterekin istilu bat izan zuen arte. Etxera bidean, bi lagunek oihu batzuk entzun zituzten, eta ordu batzuk beranduago Vicente topatu zuten, etxeko eskaileretan, ondoezik. Hortaz, Alvaradok ondorioztatu zuen ezinezkoa zela borrokaldian parte hartzen ari ziren lankideek Velasco jo izana.