Efemerideak / Errepresioa

Irailak 24: Gurutze Iantzi komisarian eraila

1993ko irailaren 24an, Tres Cantoseko polizia-etxean erail zuen Guardia Zibilak gazte urnietarra.
Irailak 24: Gurutze Iantzi komisarian eraila
— ARGAZKIA Leire Arzuaga/Argia

Gaurko egunez, duela 33 urte, Gurutze Iantzi Tres Cantoseko (Madril) polizia-etxean erail zuen Guardia Zibilak, 1993ko irailaren 24an. 24 ordu lehenago, polizia-agenteek Urnietako (Gipuzkoa) etxean gaztea atxilo hartu zuten, eta komisarian torturatu egin zuten, hiltzeraino. Atxiloketa sarekada baten erdian jazo zen; eta ordu hartan atxilotutakoek tortura latza salatu zuten. Beste bi lagun, hain zuzen, larri egon ziren ospitalean.

El País hedabideak, Felipe Gonzalezen (PSOE) aginduetara, heriotza Gurutzeren pisuari eta erretzeko zaletasunari egotzi zion. Atxilo hartutako kalabozoetako lekukoek, ordea, Guardia Zibilak Iantzi biluztu eta hil arte jo zuela adierazi zuten.

Aste hartan, ETAk Julio Iglesias enpresaria bahitu zuen. Poliziari Adarra mendi inguruan zutela iritsi zitzaion, Urnietatik gertu. Hala, ETAkide zelako akusaziopean atxilotu zuten, baina ordutik, inoiz inork ez du Gurutze Iantzi erakunde armatuaren parte izan zenik erakutsi ahal izan. Hil zuten unean, 31 urte zituen.