Skip to Content
EFEMERIDEAK / Faxismoa

Azaroak 13: Lucrecia Perezen erailketa

Eskuadra neonazi bateko lau gaztek erail zuten Perez Madrilen, 1992ko azaroaren 13an. Faxistak tiroka sartu ziren hainbat dominikar afaltzen ari ziren lekura.
Azaroak 13: Lucrecia Perezen erailketa
— ARGAZKIA telemadrid.es

EFEMERIDEAK

Gaurko egunez, duela 34 urte, eskuadra neonazi bateko lau gaztek Lucrecia Perez etxeko langilea erail zuten Madrilgo Aravaca auzoan, 1992ko azaroaren 13an hain zuzen ere. Sortzez, dominikarra zen Lucrecia, eta 33 urte zituela erail zuten.

Azaroaren 13 hartan, gaualdeko 21:00 aldera, auzoko Four Roses dantzaleku abandonatuan sartu ziren lau maskaradun. Hainbat dominikar ari ziren bertan afaltzen, eta neonaziek suzko armekin tiro egiteari ekin zioten, edonori jo nahian. Gauzak horrela, bi balak jo zuten Lucrecia, momentuan bertan erailez. Beste dominikar bat ere larri zauritu zuten: Augusto Cesar Vargas.

Ikerketan zehar, Poliziak eta Armadak erabiltzen zituzten balak aurkitu zituzten froga modura. Hala, ostera, lau erasotzaileetako bat Guardia Zibila zela argitu zuten, Luis Merino Perez hain zuzen, eta beste hirurak adingabeak zirela: Javier Quilez Martinez, Felipe Carlos Martin Bravo eta Victor Flores Reviejo. Den-denek aurrez jokabide bortitzak erakutsi zituzten, eta jakina zen talde neonazietako eta ultretako kideekin harremanak zituztela; besteak beste, Bases Autónomas-ekin edo Ultras Sur-ekin. Krimena egin aurretik, lekuko baten arabera, auzoko plaza batean beste hainbat neonazirekin tragoa jotzen aritu ziren erasotzaileak, eta Lucrecia hil ondoren haien aldamenera itzuli ziren, plazara bertara.

Epaiketan, Luis Merino 54 urteko kartzela-zigorrera kondenatu zuten, eta 24 urteko zigorrak ezarri zizkieten hiru adingabeei. Dena dela, 2002ko urtarrilaren 14an, aske utzi zituzten Javier, Felipe Carlos eta Victor. Merino ere aske utzi zuten zenbait urte beranduago.

Arrazakeriagatiko eta xenofobiagatiko lehen biktima mortal aitortua izan zen Lucrecia, eta mobilizazio-uholde handia eragin zuen Espainiako Estatuko zenbait hiritan; hala nola Madrilen, Bartzelonan, Iruñean, Kordoban, Valentzian, Sevillan edo Zaragozan.