Joan den igandean, Leon XIV.a aita santuak Espainiako Estatura egindako bisitaren harira, Kulturarekin, hezkuntzarekin, enpresarekin eta kirolarekin sareak ehundu (Tejer Redes con la cultura, la educación, la empresa y el deporte) izeneko ekitaldia izan zen. Patronaleko erakunde nagusietako buruek (CEOEko Antonio Garamendik eta CEPYMEko Angela de Miguelek kasu) eta sindikalek (CCOOko Unai Sordok eta UGTko Pepe Alvarezek adibidez) "elkarrizketa sozialaren balioa" eta "negoziazio kolektiboa" aldarrikatu zituzten aita santuaren aurrean, "egonkortasunerako eta bake sozialerako ezinbesteko tresna gisa". Espainiako Estatu "akonfesionaleko" gobernuko kide "aurrerakoienak" ere izan ziren bileran, eta bai enpresarien ordezkariak bai sindikatuetakoak bat etorri ziren "izaera humanistako Kontratu Sozial Berri" bat bultzatzeko beharrari dagokionez.
Astelehenean, Espainiako Diputatuen Kongresua bisitatu zuen lehen aita santua bihurtu zen Leon, eta, gainera, Floridablancako atetik sartu zen, hemizikloaren "ohorezko" sarreratik, ia alderdi politiko guztietako diputatuen eta senatarien eskuak estutzen zituen bitartean. Presidentetzako tribunatik, Francis Prevostek hitzaldi politiko garbi bat eman zuen, aurretik parlamentari guztiek aho batez txalotu zutena, Podemosekoek eta BNGkoek izan ezik; ez ziren ekitaldira joan.
Hitzaldian, aita santuak abortuaren aurka hitz egin zuen, eta "giza-bizitza oro zaindu" egin behar dela esan zuen, "sortzen denetik berez erortzen den arte". 2021ean onartutako Eutanasia Legearen aurkako aipamen kritiko argia izan zen hura. Vatikanoko estatuburuak "gurasoek beren balio erlijiosoen arabera seme-alaben hezkuntza aukeratzeko duten eskubide besterenezinaz" ere hitz egin zuen.
Hitzaldia amaitu ondoren, eta "Gora aita santua!" oihukatuz, Parlamentuko arku osoa zutik jarri zen, Beheko Ganberan inoiz izan den txalo zaparradarik luzeenean bat egiteko. Zazpi minututik gora iraun zuen.