AKTUALITATEA / Espetxea
Zaballako kartzelan jasaten duten beroa salatu dute bertako presoek
"Gure eskaria sinplea eta argia da: 2026. urtean, haizegailuak erosi ahal izatea beste espetxeetan egin daitekeen moduan", azaldu dute, azken asteetako tenperatura altuen ostean.
2026eko ekainaren 5 - 12:04
Zaballako kartzelan jasaten duten beroa salatu dute bertako presoek
— ARGAZKIA gasteizberri.com

Azken asteetan izan diren tenperatura ikaragarri altuen ondoren, Zaballako (Araba) kartzelan jasaten duten egoeraren berri eman dute bertan gatibu dauden hainbat presok. "Ziegetan ez dago haize-korronterik eta egunean zehar egin duen beroa espetxeko hormen zementuan mantentzen da. Gauean, kanpoan, tenperatura freskatzen denean, ziegetan tenperatura altuak mantentzen dira. Egunotan, gauerdian, 29 gradu inguru egin ditu Zaballako ziegetan", azaldu dute idatzi baten bidez. Gogorarazi dute, gainera, bai egunez bai gauez egoten direla zeldetan itxirik.

Presoek jakinarazi dutenez, haizegailuak erosteko aukera izatea eskatu zuten iazko udan, beroari aurre egiteko. Zaballako espetxe-zuzendaritzak, ordea, "ezezko borobila" eman zien. Dena den, aurten berriz eskatu dute gauza bera, arazoak bere horretan jarraitzen baitu; "ziegetako tenperaturak  jasangaitzak" direla, "beste espetxeetan haizegailuak erosteko aukera" dagoela, eta preso askoren osasun-egoera nahiz adina kontuan hartu behar direla argudiatu zuten eskaera egitean. "Gezurra badirudi ere, ezezko borobila jaso dugu berriro", gaitzetsi dute euren idatzian.

"Sinesgaitza bada ere, 2026. urtean eta Gasteiz bezalako hiriburutik kilometro gutxi batzuetara, haizegailu bat erostea debekatuta dago. Noiz eta kalean egoera honen aurrean beharrezkoa den toki guztietan ezohiko neurri eta plangintzak garatzen ari direnean, gu presoak baztertuta utzita. Nola da posible haizegailuak debekatzeko espetxe-zuzendaritzak arrazoitzea ez duela bero nahikoa egiten EAEn, ondoren kartzelarientzat haize egokitua jartzen duenean?", seinalatu dute. Oroitarazi dute, hala, "sinplea eta argia" dela euren eskaera: "2026. urtean, haizegailuak erosi ahal izatea beste espetxeetan egin daitekeen moduan". Aldarriarekin bat egiteko deia zabaldu dute jendartera; "inguruan dituzun talde, erakunde edo lagunei idatzi hau ahalik eta azkarren helaraziz, egoera honi konponbide bat bilatzeko denon artean".