Atzo arratsaldean, Vito Zoppellari Quiles agitatzaile faxistari aurre egiteko deialdi bat izan zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB). Ehunka manifestari antifaxista iritsi ziren unibertsitatera arratsaldean zehar, eta campus militarizatu batekin egin zuten topo: sarbide guztietan polizia-kontrolak zeuden. Errepideko sarbideei ere eragin zien horrek, kontrolek zirkulazioa moteldu baitzuten.
Arratsaldeko 17:00etarako, antifaxistaz beterik zegoen unibertsitateko Ferrocarrils de la Generalitateko sarrera, asaldatzaile faxistari gaitzespena erakusteko prest. Berehala bildu ziren ehunka lagun bertan.
Ezin gauza bera esan Zoppellariren jarraitzaileei buruz, ordea. Agitatzaile faxistaren ekoizpen-taldeko bi kide campusera sartu ziren, baina ezagutu egin zituzten bertan, eta txistu egin zieten. Poliziak haiek babesteko kordoi bat ezartzea erabaki zuen, baina edukia grabatzen jarraitu zuten, Quilesen gezurrak zabaldu ahal izateko.
Antifaxisten aurkako kargak
18:30 aldera, tentsioa areagotuz joan zen, eta Polizia elkarretaratze antifaxistan zeuden manifestarien aurka kargatzen hasi zen.
Zoppellarik uko egin zion UABera joateari: IKEAra joan eta ihes egin zuen antifaxistak hurbiltzean
Mossoak manifestarien aurka kargatzen ari ziren bitartean, Zoppellarik bere sare sozialetan jakinarazi zuen ekitaldia lekuz aldatuko zuela: bere jarraitzaileei dei egin zien Sabadelleko IKEAra bertaratzera. Bertan, agerraldi labur bat egin zuen pertsona gutxi batzuen aurrean, antifaxistak bertaratu ziren arte. Zoppellarik, orduan, bere furgonetan ihes egin behar izan zuen bere bizkartzainekin batera.
Iaz ere, Zoppellarik UABtik alde egin behar izan zuen, ikasleen erantzun masiboari esker. Ehunka ikaslek egin zuten bat bere presentzia galarazteko deialdiarekin. Tentsio handiko ekitaldia izan zen, liskar ugari izan baitziren agitatzaile faxistaren jarraitzaileekin: antifaxisten aurka, oihu arrazista eta espainolistak bota zituzten. Atzo bezala, faxistak unibertsitate barruan egotearen aurka mobilizatutako ikasleei oldartu zitzaizkien mossoak.