AKTUALITATEA / Soldata sistema

Tubos Reunidosek enpresa erosteko epeak luzatu ditu

Interesdunek irailaren 30era arte izango dute informazioa eskuratzeko epea, eta urriaren 7ra arte eskaintzak aurkeztekoa. Ziurgabetasun handiko prozesua izaten ari da: enpresak zor handiak ditu eta azken hilabeteotan ustelkeria kasuen ikerketetan agertu da.
2026eko irailaren 9 - 10:57
Tubos Reunidosek enpresa erosteko epeak luzatu ditu
— ARGAZKIA @TRBorrokan (X)

Tubos Reunidosen erosketa-prozesuaren baitan, enpresak epeak luzatu ditu eskaintzak aurkezteko. Hala adierazi dio PKF Attest konkurtso-administraileak kasua kudeatzen ari den Gasteizko (Araba) merkataritza-arloko epaileari. Gauzak horrela, interesdunek irailaren 30era arte izango dute informazioa eskuratzeko epea; urriaren 7ra arte, ordea, eskaintzak aurkeztekoa.

Eskaintzak baloratzeko unean, administratzaileak zera hartuko du kontuan: jardueraren jarraitutasuna; negozioaren kohesioa, eta interesdun guztien aldeko errentagarritasuna maximizatzen ahalegintzea; pasiboak bere gain hartu eta lan-baldintzei eustea. Era berean, azken eskaintzak jarduera gutxienez bi urtez mantentzeko konpromisoa jaso beharko du.

Horrez gain, administratzaileak adierazi du eskaintza bakar bat ere lortzen ez badute, eskaintza egituratuak onartzeko aukera badagoela; alegia, interesdunek proposamena produkzio-unitateren batera bakarrik mugatzeko aukera. Bi lantegi nagusien egoera aipatu dute kontingentzia hori aintzatesteko: zuzendaritzak 274 kaleratze aurreikusi zituen Amurrion (Araba) eta 27 Trapagaranen (Bizkaia).

Erosketa-prozesua ziurgabetasun egoera handi batean ari da garatzen: 263 milioi euroko zorrak ditu Tubos Reunidosek, horietako 150 SEPIrekin. Gainera, iragan ekainean Guardia Zibileko Unitate Zentral Operatiboak (UCOk) miaketak egin zituen enpresaren bulegoetan, Santiago Pedraz epailearen aginduz eta PSOEren ustelkeria kasuei lotuta. Ikerketa horretan, pandemia garaian konpainiak ea modu ustelean dirutza jaso zuen aztertzen ari dira. Baliteke EAJk bitartekari-lanak egin izana. Hain zuzen, EAJk aitortu egin zuen garai hartan hainbat bilera egin zituela Espainiako Gobernuarekin, baina alderdiak "ustelkeria kasuekin zerikusirik ez" zuten elkarrizketak izan zirela adierazi du.