AKTUALITATEA / Euskal herriko ikasle antolakunde sozialista
Selektibitatearen aurka mobilizatzera dei egin du IASek, campusetan egindako ekintzen bitartez
Gaur eta bihar egingo ditu mobilizazioak Hego Euskal Herriko hainbat campusetan, Selektibitatea "filtro sozialerako tresna" dela eta ikasleen artean "lehiakortasuna eta indibidualismoa" sustatzen dituela salatuz batik bat. Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidearen alde Baionan izango den mobilizaziora batzera ere deitu du IASek.
2026eko ekainaren 2 - 06:26
Selektibitatearen aurka mobilizatzera dei egin du IASek, campusetan egindako ekintzen bitartez

Gaur eta bihar, Hego Euskal Herriko hainbat campusetan mobilizatuko da Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS), batxilergoko bigarren mailako ikasleek egin behar duten Selektibitateko probari ezetz esateko. Gaur, Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) mobilizatuko dira ikasleak, eta bihar, berriz, Leioako (Bizkaia) eta Eibarko (Gipuzkoa) campusetan. Selektibitatearen aurka mobilizatzera deitzeko eta Seleari sua! lelotzat hartuta, hainbat pankarta sutan jarri dituzte zenbait unibertsitatetan.

"Beste urte batez, hiru egunez gure etorkizun akademikoa baldintzatuko duen froga hau egin behar dugu, eta beste urte batez, arazoak bere horretan darrai", seinalatu du IASek: "Azken bi urteetan, gainera, Selektibitatearen aldaketa-fase batean murgildurik gaude, eta aldaketa-prozesu horrek, gure mesederako izatetik urrun, ezinegon handiagoa eta lan-karga handiagoa ekarri dizkigu aurten ere".

Selektibitateari ezetz esateko arrazoiak

Mobilizatzera deitzearekin batera, Selektibitateari ezetz esateko arrazoiak ekarri ditu gogora ikasle-antolakundeak: "Batetik, ikasleok sailkatzen gaituelako. Filtro sozialerako tresna bat delarik, baldintza kaskarrenetan dauden ikasleak kanpo uzten ditu. Bigarrenik, ikasleen arteko indibidualismoa eta lehiakortasuna sustatzen dituelako, posturik onenak lortzera bidean, gainontzeko ikasleak etsai gisa identifikatzera behartzen gaituztelako. Eta azkenik, froga bakar batek gure etorkizuna baldintzatzen duenez, horrek dakartzan lan-karga eta presioak ikasleon osasun mentala nabarmen kaltetzen dutelako".

Baxoa euskaraz

Bestalde, Ipar Euskal Herriko egoera ere salatu du IASek: "Ipar Euskal Herriko ikasleei urtero ukatzen zaie Baxoaren proba guztiz euskaraz egitea, eta beraz, oraindik ere, ez dute euren ikasketa-prozesua osorik euskaraz egiteko aukera errealik". Hala ere, ikasleek maiatzean jakinarazi zuten desobedientziara jo eta matematikako azterketa euskaraz erantzungo zutela, eta horri esker, lortu dute azkenean proba zehatz hori euskaraz egin ahal izatea.

"Beste behin garbi gelditu da ikasleon borrokaren eta presioaren bitartez gure interesak defendatzeko gai garela, baina ez da nahikoa", ohartarazi du IASek: "Aurrerantzean borrokan jarraituko dugu Baxoa eta Euskal Herri osoko ikasketa-prozesu osoa euskaraz egitea lortu arte, eta dei egiten dugu ekainaren 3ko mobilizazioan parte hartzera". Bihar, ekainaren 3an, 11:00etan izango da mobilizazio bat Baionan, Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidearen alde.

Lehiakortasunaren eta indibidualismoaren aurrean, elkartasuna

"Ikasle langileok argi daukagu: inposatu nahi dizkiguten lehiakortasunaren eta indibidualismoaren aurrean, elkartasuna eta elkarlana antolatzen jarraituko dugu, apunte-bankuarekin eta doako klase partikularrekin egin dugun bezala". Horrekin batera, "Selektibitateak dakartzan lan-kargaren eta presioaren ondorioz jasaten ditugun estresa eta nekea antolakuntzarako eta borrokarako indar bilakatzen jarraituko" dutela aldarrikatu du IASek: "Gaur hemen mobilizatu garen bezala, behar bestetan egingo dugu". Izan ere, gaineratu du: "Kapitalismoak dirauen bitartean, Selektibitateak edo horrek betetzen duen funtzioak bere horretan jarraituko du. Horregatik, gure antolakuntza eta borroka hezkuntza-sistema sozialistaren norabidean kokatzen jarraituko dugu".