AKTUALITATEA / Gazte topagune sozialista

Plaza bat, jendez lepo

Izaro Villarrealen kronika Elizondotik, Gazte Topagune Sozialistaren lehenengo egunaren inguruan.
2026eko urriaren 10 - 05:19
Plaza bat, jendez lepo

"Dagoena onartu ala borrokara batu". Azken egunotan gehien ikusi dudan esaldia zein litzatekeen galdetuko bazenit, horixe erantzungo nizuke. Euskal Herriko txoko ugaritan zeuden lelo hori marrazturik zuten pankartak eta horma-irudiak. Hiriburuetako bide-bazterretan eta herrietako plazetan ikus zitezkeen. Baita N-I errepidearen aldamenean ere, Ordiziako San Bartolome auzoan dagoen etxe zahar baten horma-irudi erraldoian.

Parean nituen orduan lelo bereko hainbat pankarta. Ez Ordizian, ez Goierrin, ez Tolosaldean, ez Donostian; Elizondon, baizik. Ezohiko martxa hartu zuen Baztango bailarako herri zoragarriak: kaleak pankarta gorriz atondu ziren, bide bazterrak autoz josi, eta plazak aldarrikapenez bete. Hilabeteetako itxaronaldiaren ondoren, iritsi zen egutegian gorriz markatutako asteburua: Gazte Topagune Sozialista. Herria bera izan zen lehen agertokia, eta zaila zen haren arrastoa ez antzematea.

Goizaldeko hezetasuna oraindik inguruan itsatsita zegoela iritsi ziren goiztiarrenak. Azken prestaketa-lanak egin, elkarguneak egokitzen amaitu, eta, gutxika-gutxika, gazteak heltzen hasi ziren. Herrira heltzeko bideak ziztu bizian bete ziren autoz eta furgonetaz.

Kanpin-dendak eskuan eta motxilak sorbaldan, gazteak kanpalekua atontzen hasi ziren. Batzuk besteak baino trebeago aritu ziren muntaketa-lanetan, baina, azkenerako, prest geratu zen kanpalekua. Soinu zorrotzak, pauso sendoak eta elkarrizketa sakonak entzuten ziren nonahi.

Hitzek ere hartu zuten leku berezia. Plazak goraino beteta, eserita eta adi, milaka gazte oholtzara begira. Arteaz eta sozialismoaz, materialismo historikoaz eta militantzia politikoaz jardun zuten. Egunerokoan lehen planoa hartutako auzi politiko, sozial eta kulturalak ahots eta eztabaida bihurtu ziren. Gazte Topagune Sozialista ez da komunitatea elkartzeko lekua soilik; hausnarketarako plaza ere bada.

Orduak igaro ahala, kaleak are jendetsuago bihurtu ziren, eta gazteak etengabe ikus zitezkeen batetik bestera. Hitzaldiak aurrena; musika-emanaldiak eta pilota-erakustaldia ondoren. Goraino bete zen pilotalekua, eta txarangaren doinuak ozta-ozta entzuten ziren oihu, txalo eta barre-algaren artean. Lehia ere ez zen falta izan. Egunak ez zuen nekerik erakutsi, luzaroan pilatutako grina, gogoa eta emozioa baizik.

Iluntzearekin batera, kontzertuez gain, mugen inguruko hausnarketa bat arte-ikuskizun bihurtua. Ekidak bere azken lana taularatu zuen, eta hausnarketarako beste ate bat ireki. Antzezleek ikusleengan eragitea lortu zuten, eta publikoak ere gogoz hartu zuen emanaldia. Berotasuna somatu zen hotz samarra zirudien plaza erraldoian. 

Musika-doinuek eman zioten amaiera Gazte Topagune Sozialistaren lehen egunari, eta irudi gogoangarria utzi zuen: plaza bat, jendez lepo.