AKTUALITATEA / Desokupazio-enpresak

OkupAcción desokupazio-enpresa familia bati jazartzen ari zaio Erriberrin

Erdialdea Antifaxistako hainbat kidek aurre egin ondoren, alde egin zuten faxistek. Arratsaldean, desokupazio-enpresen aurkako protesta bat izan zen herrian.
2026eko abuztuaren 26 - 08:23
OkupAcción desokupazio-enpresa familia bati jazartzen ari zaio Erriberrin

Erdialdea Antifaxistak salatu duenez, atzo, okupAcción desokupazio-enpresa bertaratu zen Erriberrira: bikote bati presioa egin zioten soldatapeko hainbat matoik, beren etxetik alde egin zezaten. Erdialdea Antifaxistako hainbat kidek ikusi zituzten desokupak kalean, eta egoeraren berri izateko asmoz hurbildu ziren. Orduan agertu ziren polizia-indarrak, bai guardia zibilak, bai foruzainak eta bai udaltzainak. Dena den, Erdialdea Antifaxistaren esanetan, desokupazio-enpresa jomugan hartu beharrean, desokupei aurre egitera joandako pertsonen aurka jo zuen Poliziak: identifikatu egin zituen. Momentu horretan, baina, alde egitea erabaki zuten okupAcciónekoek.

Desokupek jazarritako familiak jakinarazi duenez, urtebete baino gehiago daramate etxejabearen presioa jasaten, lehenago ordain dezaten. Testuinguru horretan, bat-batean, desokupazio-enpresa bertaratu zen etxera atzo goizean: badirudi jabeak, orain, pisutik bota nahi dituela maizterrak, eta horretarako jo du okupAcciónengana. Matoiak 11:00etatik 14:30era aritu ziren etxeko atea jotzen, bikoteari presioa egiteko. Hain justu, agiri bat sinarazi nahi zien, etxea utziko zutela adieraz zezaten.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2092514663887987162


Desokupazio-enpresen aurkako elkarretaratzea arratsaldean

Arratsaldean, Erdialdea Antifaxistak berak deituta, protesta bat izan zen herriko plazan, Desokupei aurre egin! Faxismoa borrokatu lelopean. Desokupazio-enpresen logika azaltzeko baliatu zuten mobilizazioa: "Etxejabeek enpresa horiei deitzen diete beren maizterrak inolako prozesu legalik gabe etxetik botatzeko". Horren aurrean, zera gehitu zuten: "Gure ustez, etxegabetze guztiak dira justifikaezinak, legezkoak izanda ere, baina bereziki larria iruditzen zaigu pertsonak teknika biolentoak erabiliz etxetik botatzea, mehatxu artean eta presio eginez. Langile-klasearentzat etxebizitza eskuratzea gero eta zailagoa den honetan, etxejabe batzuk aberasten ari dira. Desokupazio-enpresek diru erraza bilatzen dute, eta beldurra erabiltzen dute teknika gisa, matoiak bidaliz".

Bestalde, ohartarazi zuten enpresa horiek lotura estua dutela faxismoarekin, eta faxismoaren gorakada honetan, zeregin jakina betetzen dutela: alderdi faxista parlamentarioek etxebizitzarako sarbidea oztopatzen duten legeak bultatzen dituzte, eta eskuadroi faxista horiek, kaleak kontrolatu nahian, gauzatu egiten dute ultraeskuineranzko joera. Horren aurrean, instituzioek ere enpresa horiei joko zikina egiten dietela gogorarazi zuten, eta horren adibide argia dela Poliziak inpunitate osoa ematea desokupei, antifaxistak zigortzen dituen bitartean, Erriberrin gertatu bezala.

Horren guztiaren aurrean, Erdialdea Antifaxistak dei egin zuen "antifaxismoak kaleak har ditzan, hortzak erakutsi diezazkien halako enpresei eta autodefentsa-mekanismoak antola ditzan gure klasearentzat". Horrekin batera, eskerrak eman zizkioten Etxebizitza Sindikatu Sozialistari, Erriberriko familiari aholkularitza-lanetan laguntzeagatik. Azpimarratu zutenez, antolakuntza da desokupazio-enpresa horiei aurre egiteko bidea.