Justizia Anderrentzat plataformak deituta, milaka pertsona atera dira Santurtziko kaleetara Anderren kasua argitu dadila eskatzeko eta poliziaren inpunitatea salatzeko. Ekainaren 22an hil zuten Ander Saenz, Santurtziko Udaltzaingoaren esku-hartze bortitzaren ondorioz.
12:00etan atera da manifestazioa Santurtziko plazatik, eta ordurako jendetza zegoen bilduta plazan eta inguruko kaleetan. "Justizia Anderrentzat" oihuek ireki dute mobilizazioa, eta behin eta berriz entzun dira manifestazioan zehar, "herriak ez du barkatuko" aldarriekin batera.
Plataformak nabarmendu du Anderrena ez dela kasu isolatua, eta gogoan izan dituzte astelehenean Hondarribian hil zuten Babacar Huelle edota Iñigo Cabacas. "Poliziak indarkeria sistematikoki erabiltzen du eta erabateko inpunitatez jarduten du".
"Etorkizunean horrelakorik berriro ere ez errepikatzeko", Justizia Anderentzat plataforma haren aldarrikapenetan berretsi da: "Erantzukizun polizial, politiko eta mediatikoak argitzea, Ander poliziaren indarkeriaren biktima gisa aitortzea , potentzialki hilgarriak diren polizia-baliabideen eta tekniken debekatzea –taserrak kasu– eta Santurtziko kaleetan diharduten inplikatutako poliziak berehala kargutik kentzea".
Anderren memoria ez ahazteko eta halako kasu gehiago gerta ez daitezen kaleak astintzen jarraitzeko beharra nabarmendu du plataformak.
Mobilizazio sozialaren garrantzia
Mobilizazioa hasterako adierazpenak eman dituzte Justizia Anderrentzat Plataformako ordezkariek eta familiaren abokatu Irati Agirrek. Adierazi dute prozesu judiziala hasi besterik ez dela egin, eta haien eskuetan dagoen guztia egingo dutela kasua argitu dadin. Dena den, ardura penal eta polizial guztiak mobilizazioaren eskutik ere iritsiko direla nabarmendu dute: "Poliziaren bertsio osoa desmuntatzea lortu zuen bideorik gabe, herritarren inplikazioaren bitartez lortutako bideo hori gabe, ez ginateke gaur egun gauden lekuan egongo".
Bideoa argitaratuta, arduradun politikoek erreakzionatzea lortu zela adierazi dute: "Haien erantzunarekin argi geratu da eskuak garbitzen ari direla. Ez da sakoneko jarrera-aldaketarik egon, aparientzia aldaketa bat baizik, eta kalean dauden exigentzien arabera aldatu dute haien posizioa".
Irati Agirre abokatuak adierazi du gaurko "mobilizazio arrakastatsuak" erakusten duela gizarteak ez duela irensten "poliziaren gainean eraiki duten inpunitate marko politiko, mediatiko eta juridikoa". Horrenbestez, adierazi du, borroka hasi besterik ez dela egin: "Gure betebeharra da Anderren heriotzaren atzean ezkutatzen diren gertakari guztiak eta erantzukizun guztiak mahai gainean jartzea; ezin dira kalean ibili heriotzaren erantzuleak ezer gertatu ez balitz bezala, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu hori berriro gerta ez dadin bermatzeko ez Santurtzin, ez beste Inon".