AKTUALITATEA / Gazte topagune sozialista

Milaka gazte batu dira Elizondon bigarren egunez, sozialismoaren alde indarrak batzeko

Gazte Topagune Sozialistaren bigarren egunean, txiki geratu dira Elizondoko gune guztiak: hausnarketa politikorako hitzaldiek hartu dute zentralitatea gaurkoan.
2026eko urriaren 10 - 17:57
Milaka gazte batu dira Elizondon bigarren egunez, sozialismoaren alde indarrak batzeko

Atzo arratsaldean hasi zen Gazte Topagune Sozialistaren seigarren edizioa, eta milaka gazte elkartu ditu Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) egiten duten ekimenik potoloenak. Kanpalekuan esnatu da jende andana, eta gosalduz indarrak hartu ondoren, 10:00ak aldera hasi dira hitzaldiak izango ziren lekuetara hurbiltzen.

Goizeko lehen txandarako, hiru hitzaldi ziren egitekoak aldi berean, eta txiki geratu dira gune guztiak: jendetza bertaratu da Sutegiko arkupera, sexu-industria, prostituzioa eta sexualizazioari buruzko saiora; goraino bete da Sutegiko karpa, krisi ekologikoa eta taktika sozialistaren inguruko hitzaldian; eta ehunka eta ehunka lagun bildu dira Gune Nagusian, etxebizitzaren problematikaz eta sozialismoaren aukerez egindako solasaldian. 

12:00etan, gaurko saioen bigarren txandan, bi hitzaldi egin dituzte aldi berean: ildo komunistaz eta taktika antifaxistaz jardun dute Gune Nagusian, eta nazio-auzia, teoria marxista eta egungo eztababaidak izan dituzte hizpide Sutegiko arkupean. Beste behin ere, irudi ikusgarriak utzi dituzte hitzaldiek.

Bazkalostean, aisialdiko eskaintza ikaragarri zabala ireki dute berriz Elizondon: mendi-lasterketa; boleibol txapelketa; boxeo masterclass-a, Landa Bila antzezlanaren emanaldia; herri-kirolak, Kluedo talde jolasa... Arratsaldean, gainera, Just For Barres umore-ikuskizuna eskaini dute Gune Nagusian Asier K eta Antton Telleriak, Topagune honetarako prestatutako saio berezia; eta kirol-erakustaldi bat hasi da aldi berean Sutegiko pilotalekuan. Bertan, inpunitate poliziala salatuz, Ander Saenzentzat (Santurtziko udaltzaingoak eraila) eta Babacar Wellerentzat (Hondarribiko udaltzaingoak eraila) justizia eskatzeko elkartasun-argazki bat atera dute ikasleek.

Bestalde, edizio honetan parte hartzen ari den musikari andanaren erakusgarri, gaurko iluntzean ere musika-emanaldiak izango dira: Skabidean, Bengo eta 48280 aritu dira Gune Nagusian. 

Egun handia bihar: manifestazioa arratsaldean

Bihar, igandez, hausnarketa politikorako hitzaldi gehiago egiteaz gain, aldarrikapenerako tokia egongo da Topagunean, manifestazio bat antolatu baitute arratsalderako GKSk eta IASk. Goizean izango dira hitzaldiak, eta 17:30ean estatuen autoritarismoaren eta faxismoaren kontrako mobilizazioa. 

Ikusi hemen lau egunetako egitaraua.