Maricarmen Abascal hil da gaur Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean, Maizterren Sindikatuak berriki jakinarazi duenez. Irailaren 23an etxegabetu zuten 87 urteko andrea, larriki gaixorik egon arren. Bere osasun-egoera zela-eta, ospitalean egon da etxetik bota zutenetik, eta bi asteren ondoren zendu da.
Maricarmen zazpi hamarkadaz egon zen bizitzen etxe horretan, baina 2018an erosi zuen higiezina Urbagesa enpresak, prezio oso baxuan. Urbagesak 2020an esan zion andreari etxetik alde egitea nahi zuela: ezetz esan zion Maricarmenek alokairua ordaindu ahal izateko (1.600 euro eskatzen zizkioten) edo etxea erosteko egindako proposamen orori, eta lau aldiz saiatu zen bera botatzen.
Horren ondoren etorri zen joan den irailaren 23ko desalojoa, eta Maizterren Sindikatuak deituta, jendetza bertaratu zen Retirora, etxegabetzearen aurka protesta egiteko. Karga polizial bortitzak tarteko, desalojoa gauzatu zen egun horretan: Maricarmen ospitalean egon da ordutik, eta kaleratzeak etxebizitza-eskubidearen alde izaten ari diren mobilizazio historikoak piztu zituen.
[Albistea osatzen ari gara]