AKTUALITATEA / Politika instituzionala
Maria Chivite: "PSOErengan fedea izaten jarraitzen dut"
Nafarroako hauteskundeetara berriro aurkeztuko dela jakinarazi du Chivitek; 2027an izango dira hurrengo foru-hauteskundeak.
2026eko ekainaren 3 - 05:50
Maria Chivite: "PSOErengan fedea izaten jarraitzen dut"
— ARGAZKIA PSN

Maria Chivitek aurreko asteburuan iragarri zuen, bere alderdiaren aurrean, berriz aurkeztuko dela Nafarroako presidente izateko. Azaldu du "PSOErengan fedea izaten jarraitzen" duela eta horrexegatik aurkeztuko dela berriro, nahiz eta aitortu duen azken hilabeteak ez direla "errazak" izan, PSOEri lotuta argitara atera diren ustelkeria kasu ugariei erreferentzia eginez. Santos Cerdanen kasuari lotuta, Nafarroa markatzen zen alderdiaren ustelkeria-egitura baten erdigune gisa.

PSOEren Nafarroako Batzorde Erregionalean adierazi zuen Chivitek "Justizian" eta "erruduntasun-presuntzioan" sinesten duela, baita alderdiaren "printzipio eta balioetan" ere. Argitaratutako ustelkeria kasuen larritasunari izkin eginez, gaur egun Nafarroako presidente denak defendatu zuen ez dagoela "alternatibarik" Nafarroako Gobernurako, eta eskuinak ezingo lukeela nagusitu "eskuin muturreko botoak gehituta ere". "Proiektu honen buru izaten jarraitu nahi dut, Nafarroarentzat ona dela uste dudalako, gauzak ondo ateratzen ari direla uste dudalako eta oraindik lan asko geratzen zaigulako aurretik", esan zuen Chivitek PSNko kideen aurrean. 

Ohiko mantrak errepikatuz, bere gobernua aurkeztu zuen "polarizazioari, desinformazioari, narriadura instituzionalari eta oinarrizko eskubide eta kontsentsuak zalantzan jartzen dituzten aukera politikoen gorakadari" aurre egiteko helduleku modura, Noticias de Navarra-k jaso duenez. "Ez gaude demokraziaren momenturik onenetan", gaineratu zuen. 2027an izango dira foru- eta udal-hauteskundeak, eta buruzagiak jakinarazi zuen laster hasiko direla bozei begirako barne-mailako lanekin.