Maiatzaren 4an hasi zen Maialen Mazonen hiltzailearen aurkako epaiketa Arabako Probintzia Auzitegian: 2023ko maiatzean, labankadaka erail zuen Maialen bere bikotekide ohiak, Gasteizko (Araba) apartahotel batean. Herri-epaimahaiak aurreko ostegun gauean eman zuen bere ebazpena: erruduntzat jo du gizona, aldeko bost botorekin eta aurkako batekin, "azpikeriaz eta ahaidetasun larrigarriarekin" egindako hilketa bat izan zela iritzita. Dena den, ez du indarkeria matxista kasu bat izateagatik mahai gainean zegoen larrigarria onartu.
Maialenen familiaren abokatuak, Virginia Urtaranek, adierazi du "sorpresa desatsegina" izan dela genero-indarkeriagatiko larrigarri hori atzera bota izana herri-epaimahaiak. Ospatu egin du, batetik, hiltzailearen defentsak aurkeztu dituen aringarriak ez onartu izana (gizona "alkoholaren eraginpean" zegoela eta "buru-nahasmendua" zuela argudiatu zuen defentsak, zigorra murrizten saiatzeko); baina, bestetik, bere harridura erakutsi du epaimahaiak ez duelako hilketa genero-indarkeriarekin lotu. "Konbentzituta nengoen nahikoa azaldu genuela zergatik zegoen haien artean denboran luzatutako biolentzia-harreman bat, eta zergatik izan zen matxismo horren, kontrol horren azken burua hilketa bera", dio Urtaranek. Gaineratu du ebazpenak erakusten duela gizartean kontzientziazio falta dagoela oraindik ere: epaiketa osoan zehar argudiatu du Maialenek tratu txarrak jasan zituela aurrez bere hiltzailearen partetik.
Maialen haurdun zegoen bere bikotekide ohiak hamahiru labankada sartuta erail zuenean, eta bertan zegoen alaba txikia ere. Espainiako Estatu mailako VioGen sisteman muturreko arriskuko kasu bezala zegoen erregistratuta, baina Maialen Gasteizera itzuli zenean, arrisku baxuko kasu bezala hartu zuen Ertzaintzak. Akusazio partikularrek (biktimaren familia eta Arabako Adingabeen Kontseilua) eta herri-akusazioak (Clara Campoamor) 45 urteko espetxe-zigorra eskatu dute hiltzailearentzat, hainbat larrigarrirekin, hilketa, abortua eta abandonua leporatuta. Epaileak hurrengo asteetan emango du sententzia.