Espainiako Falangeak gaur arratsalderako Madrilen antolatutako manifestazioa baimentzen duen ebazpen bat eman du Espainiako Gobernuaren hango Ordezkaritzak. Immigrazioaren kontrako aldarri bat dauka lelotzat deialdiak: "Frente a su invasión: Remigración". Gobernu-ordezkaritzako iturriak kontsultatu ditu Europa Press-ek, eta azaldu du deialdia bertan behera ez uztea erabaki dutela: "aurreikusitako ibilbidea aldatu" baino ez du egin gobernuak, manifestazioa Callao plazatik, Preciados kaletik eta Puerta del Soleko oinezkoentzako bidetik igaro dadin. Antolatzaileek, euren gazteriaren bidez batik bat, "Espainia defendatzeko" aldarria eta biztanleria migratzailearen aurkako mezuak zabaltzen dituzte.
Público egunkariak jakinarazi duenez, Espainiako Alderdi Komunistak (PCE) formalki eskatu zuen kontzentrazio falangista debekatu zedila, argudiatu baitzuen deitzaileek Zigor Kodearen 510. artikulua urratzen dutela; artikulu horrek gorroto-, diskriminazio- eta arrazakeria-delituak arautzen ditu. Antolakundeak eskutitz bat bidali zien Espainiako Gobernuaren ordezkariari eta Erdialdeko Barrutiko Udal Batzordeari, aldarrikapen faxista horiek espazio publikoan zabaltzearen aurrean "pasibotasun instituzionala" bazter zezatela eskatuz. Alderdiak (Espainiako Gobernuaren parte dena aldi berean, Sumarren eta Izquierda Unidaren bitartez) salatu duenez, Falangearen desfilea baimentzea "ez da tolerantzia demokratikoko ariketa bat, faxismoarekiko konplizitatea baizik".
Dena den, eskaera horri uko egiten dio Gobernuaren Ordezkaritzaren ebazpenak, PCEk bere hitzetan faxismoaren konplize izaten ari den gobernu batekin lerratuta jarraitzen duen bitartean. Gobernu-ordezkaritzak falangisten hasierako ibilbidea mugatu badu ere (Tirso de Molina plazara iritsi nahi zuten), azken erabakiak bermatu egiten dio talde faxistari Madrilgo erdiguneko oinezkoen eta turisten joan-etorririk handiena duten espazioak hartzea. Baimen horri esker, pertsona migratzaileak kriminalizatzen dituen erretorika bat kalera ateratzeko aukera izango dute, "birmigrazio" kontzeptuaren bidez eta pertsona etorkinak kanporatzeko aldarriak eginez.
Falangearen deialdi horren aurrean, Madrilgo mugimendu antifaxistek dei egin dute 19:30ean Tirso de Molina plazan biltzera, Fuera racistas de nuestros barrios lelopean.