Larunbat honetan, maiatzaren 23an, mobilizazio handi bat egingo dute Gasteizen, Makroproiekturik ez! aldarritzat hartuta: 18:00etan abiatuko da manifestazioa Bilbo Plazatik. Araban lurraren defentsan jarduten duen mugimenduak egin du deialdia, eta babes zabala jaso du: 90 kolektibo sozial eta 75 administrazio-batzar batu dira. Atzo, Andre Mari Zuriaren Plazatik luzatu zuten larunbatean mobilizatzeko azken dei bat, lortutako atxikimendu guztien zerrenda esku artean zutela.
Agerraldian gogorarazi zutenez, duela urte eta erdi, Gasteizko kaleak bete zituen beste manifestazio bat izan zen lurraren defentsan. "Denbora horretan zehar, instituzioen aldetik gure kezkak entzuteko interesarekin aurkitu beharrean, makroproiektu berrien etengabeko agerpena bizi izan dugu", seinalatu zuten. "Mota guztietako industria-proiektu handiak pilatzen ari dira Araban: Abiadura Handiko Trena, makrozentral eolikoak eta fotovoltaikoak, goi-tentsioko eta oso goi-tentsioko lineak, makrodatu zentroak, biometanizazioko makroplantak, zentro logistikoen eta industrialdeen zabalkuntza, harrobiak, dikeak eta aireportuaren zabalkuntza, errepide bidezko merkantzien garraioa areagotzeko proiektuak eta abar", xehatu zuten, proiektu horien ezaugarriak nabarmenduz: "Eskala handiko proiektuak dira, eta haien eraikuntzarako ezinbestekoa da gure landa-eremuen eta ingurune naturalen suntsiketa".
Ohartarazi zuten makroproiektuen hedapenak ez duela bilatzen "gizartearen beharrak asetzea, baizik eta proiektuen sustatzaileei errentagarritasun handia eskaintzea", eta horretarako "justifikazioa" bermatzen dela "politika instituzionaletik". Gogoan izan zuten, gainera, hori ez dela Araban soilik gertatzen, Euskal Herri osoan baizik: "Araban pairatzen ari garen antzeko makroproiektuekin, sustatzaile berdinak, eta interesdun instituzio publikoen utzikeria eta informazio ezkutatze berberarekin".
LPS, multinazional energetikoen zerbitzura
Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS), "herritarron zerbitzura lurraldea babestu eta ordenatzeko tresna" izan ordez, "multinazional energetikoentzat jarritako alfonbra gorri" bat dela salatu zuten atzoko prentsaurrekoan. "Hori gutxi balitz, Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, azelerazio plan bat ere aurkeztu da, LPSan izendatutako sakrifizio eremuetako batzuk enpresa handiei eskaintzeko, makroproiektuak instalatu ahal izan ditzaten. Hori guztia diru publikoko 80 milioi eurorekin lagunduta", kritikatu zuten, bestalde. Larunbatean, beraz, berriz esango diete ezetz makroproiektu suntsitzaileei, horien atzean dauden interes enpresarialei eta eskutik doazen politika instituzionalei.