AKTUALITATEA / Errepresioa

Kartzelara bidali dituzte Irunen atxilotutako bi pertsonak, Auzitegi Nazionaletik igaro ostean

"Talde terrorista" bati eta "armen biltegiratzeari" lotutako delituak leporatzen dizkiete, antza denez. Larunbatean aurkeztu ziren biak Irungo komisariara.
2026eko urriaren 20 - 14:02
Kartzelara bidali dituzte Irunen atxilotutako bi pertsonak, Auzitegi Nazionaletik igaro ostean
— ARGAZKIA confilegal.com

"Talde terrorista" bateko kide izatea, "armen eta lehergailuen biltegiratzearekin" lotura edukitzea, "agintaritzaren aurkako desobedientzia" egitea eta "desordena publikoak" eragitea egotzi diete aurreko larunbatean Irunen (Gipuzkoa) atxilotutako bi pertsonei, Europa Press agentziak jakinarazi duenez. Hala, haiek kartzelaratzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Antonio Piña epaileak, behin-behinean. 

Bi atxilotuak aurreko larunbatean aurkeztu ziren Ertzaintzak Irunen duen komisariara, euren borondatez. Bertan atxilo eduki ondoren, Madrileraino eraman dituzte berriki, eta gaur utzi dituzte Auzitegi Nazionalaren esku: Naiz-ek jaso duenez, ordubetez deklaratu dute epailearen aurrean. Prebentziozko kartzelaldia ezarri diete oraingoz.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenaren (EAJ) esanetan, irailaren 26an polizia-kontrol batean geratu zituzten bi pertsona horiek, hirugarren batekin batera. "Material oso delikatua" aurkitu omen zieten, tartean, polizia-indarrei, agente batzuei eta ustez "armak eta lehergailuak" omen dauden leku bati buruzko informazioa. Ertzaintzak aske utzi zituen, eta hiru aste beranduago, Irungo komisariara bertaratu ziren kontrolean gelditutako pertsonetatik bi. Atxilotu egin zituzten.