AKTUALITATEA / Palestina
Israelek Global Sumud Flotilla atzeman du berriro Gazara bidean
500 ekintzaile inguru zeramatzan espedizio zibilak bigarren eraso militar bat salatu du Zipretik 80 itsas-miliara. Gutxienez bi euskal herritar daude atxilotuen artean.
2026eko maiatzaren 18 - 14:57
Israelek Global Sumud Flotilla atzeman du berriro Gazara bidean
— ARGAZKIA Público

Global Sumud Flotilla osatzen duten ontziak atzematen hasi da berriz Israelgo Armada, Gazako Zerrendara laguntza humanitarioa eramateko asmoz hurbiltzen ari zirenean. Espedizioko kideek egindako zuzeneko transmisioen eta Telegrameko kanal ofizialetan argitaratutako salaketen arabera, soldadu israeldarrek ontzi zibilak inguratu dituzte eta horietako bat, gutxienez, itsas zabalean abordatu dute.

Flotillaren antolatzaileek astelehen honetako lehen orduan jakinarazi dutenez, ontzi militarrek "egun argiz" hasi zuten setioa. Ontzidi humanitarioko itsasontzien bilatzaileek emandako datuen esanetan, Zipreko uhartetik 80 bat itsas-miliara atzeman zituzten, mendebaldera, Zipreko bilaketa- eta salbamendu-eremuaren barruan. "Hesi militar honek legez kanpoko beste eraso baten hasiera markatzen du, [...] 54 ontzi zibil, korridore humanitario bat ezartzeko asmoz, Marmarisetik (Turkia) itsasoratu eta lau egunera", adierazi dute flotillako bozeramaileek ohar batean. 

Bestalde, Israelgo Gobernuak eta Armadak berretsi egin dute ez dutela asmorik ontzidia Gazako kostaldera hurbildu dadila baimentzeko, nahiz eta oraindik urrun egon. Astelehen honetan igorritako ohar ofizial baten bidez, Israelgo agintariek 50 ontziri esan zieten norabidea aldatzeko eta buelta "berehala" emateko. Atxilotuen artean bi euskal herritar daude gutxienez, bertako hainbat iturriren arabera.

Apirileko bahiketa

Nazioarteko misio zibil hau apirilaren 15ean hasi zen Bartzelonako portuan, laguntza humanitarioa eramateko eta Israelen itsas-blokeoari aurre egiteko. Ontzidiak, baina, blokeoa eta atxiloketa masibo bat jasan zituen apirilaren bukaeran, Israelgo Itsas Armadak Grezia hegoaldeko nazioarteko uretan geratu baitzuen. Orduko hartan, indar sionistek 22 itsasontzi blokeatu zituzten, eta 175 kide Kreta uhartera eraman zituzten. Handik, beren jatorrizko herrialdeetara deportatu zituzten, torturak salatu ondoren. Tripulatzaileetako bi, Thiago de Avila eta Saif Abukeshek, astebetez baino gehiagoz izan zituzten bahiturik indar israeldarrek, baina azkenean kargurik gabe askatu behar izan zituzten.

Apirilean hori guztia jasan arren, espedizioa Turkiako kostan berrantolatzea lortu zuten. Gaur egun, 60 ontzik osatzen dute flotilla, eta 45 nazionalitate desberdineko 500 ekintzaile inguru doaz. Alerta erabatekoa da oraintxe, eta ez dago garbi zein puntutan dagoen indar sionisten operazioa.