AKTUALITATEA / Bertsolaritza
Gaztetxeak Bertsotaneko aurtengo finala, larunbatean Azkoitiko Gaztetxe berrian
Parte-hartzaileen brindisa, bazkaria eta bertso-poteoa izango dira egunean zehar, eta iluntzean egingo dute finala hiru bertsolari-bikoteren artean. Gaztetxeak Bertsotanen bigarren edizioa da honakoa.
2026eko maiatzaren 12 - 17:37
Gaztetxeak Bertsotaneko aurtengo finala, larunbatean Azkoitiko Gaztetxe berrian

Otsailean hasi zen Gaztetxeak Bertsotan ekimenaren bigarren edizioa, eta larunbat honetan emango diote amaiera Azkoitiko (Gipuzkoa) Gaztetxe berrian; Azkoitiko Gazte Asanbladak martxoaren 26an eman zuen Gaztetxearen irekieraren berri. Iluntzeko 20:30ean izango da larunbateko finala, eta hiru bertsolari-bikotek lortu dute bertan parte hartzeko txartela: Haira Aizpurua eta Ander Sarri, Suhar Gesalaga eta Eli Zaldua, eta Aitor Tatiegi eta Iradi Barrenetxea.

Finalaren aurretik ere izango dira hainbat ekimen Azkoitian: txapelketako parte-hartzaileen brindisa egingo dute 14:00etan Gaztetxean eta bazkaria jarraian; kontzertua eskainiko du Berunek 16:30ean, Goiko Losa frontoian; eta bertso-poteo bati emango diote hasiera 18:00etan, tabernaz taberna ibiliko dena. Bertan abestuko dute Unai Iturriagak, Enara Gallastegik, Maddi Sarasuak, June Aiestaranek, Jexux Mari Irazuk eta Gorka Pagok. Bestalde, finalaren ondoren jarraituko dute musika-emanaldiek: gauean, Ameba eta Sekula taldeen kontzertua izango da Zurt tabernan. 

Hainbat bertsolari gaztek 2025ean jarri zuten martxan Gaztetxeak Bertsotan ekimena, zirkuitu berri bat irekiz, eta arrakastatsuak izan dira ordutik izan diren bi edizioak. Antolatzaileek hainbat helburu azpimarratu izan dituzte, hala nola, Gaztetxeei "bultzada ematea"; " Gaztetxeen inguruan dabiltzan belaunaldi berriak bertsozaletzea edo bertsoarekiko gertutasuna sentiaraztea"; eta "bertsozalea den edo bertso-munduan dabilen jendeak Gaztetxeekiko eta politikarekiko gertutasuna sentitzea". Aurtengo edizioan ere bertsolari gazte ugarik parte hartu dute eta jende andana bertaratu da bertso-saioetara; Berrizen (Bizkaia), Beasainen (Gipuzkoa), Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Txantrean (Iruñerria, Nafarroa), Gasteizen (Araba) eta Bilbon (Bizkaia). Iaz, ireki berria zuten Gernikako (Bizkaia) Gaztetxean izan zen aurreneko edizioko finala, eta aurten ere Gaztetxe berri batera eraman nahi izan dute ekimena.