AKTUALITATEA / Etxebizitza
Gasteizko Kontserbatorioan lo egiten zuten pertsonak kanporatu ditu udalak
Udaltzaingoak desalojatu ostean, arkupeetan zituzten gauzak eraman zizkieten atzo garbiketa-zerbitzuko langileek. Udalak "osasungarritasun" arrazoiekin justifikatu du desalojoa.
2026eko maiatzaren 20 - 06:41
Gasteizko Kontserbatorioan lo egiten zuten pertsonak kanporatu ditu udalak
— ARGAZKIA Gasteiz Hoy

Kale-egoeran dauden pertsonen beste desalojo bat izan zen atzo Gasteizen (Araba), oraingoan, Konstituzio Plazako Jesus Guridi Kontserbatorioan. Udalak (PSOE) gauzatu du desalojoa: Gasteiz Hoy-k jakinarazi duenez, udaltzainek kanporatu zituzten etxerik gabeko pertsona horiek; hainbat patruila bertaratu ziren goizean goiz. Garbiketa-zerbitzu publikoko langileek ere parte hartu zuten, kanporatutako jendearen gauzak eraman baitzituzten.

Aipatutako komunikabidearen esanetan, gizarte-zerbitzuetako langileak ez zeuden bertan desalojoa gauzatu zenean. Udalak esan omen du, dena den, jakinaren gainean zeudela. "Osasungarritasunari" lotutako arrazoiekin justifikatu du kanporaketa udal-gobernuak, nahiz eta Maider Etxeberria (PSOE) alkateak berak duela gutxi aitortu duen, publikoki, kale-egoeran dagoela jendea Gasteizen eta "gizarte-bazterketa" jasateko arriskuan daudela pertsona horiek.

Denbora bat igaro da jada etxerik gabeko hainbat lagun Kontserbatorioan lo egiten hasi zirenetik, eta badirudi Hurbil izeneko arreta-zerbitzuak jakinarazi ziela handik kanporatuko zituela udalak. Une honetan "bizitoki-alternatiba guztiak beteta" daudela ere esan dute Hurbiletik; eta aurretik ere izan dira kale-egoeran dauden pertsonen aurkako desalojoak Gasteizen, tartean, Iradier Arenan.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/Kontseilua_Gast/status/2056841440668348579