AKTUALITATEA / Faxismoa

Faxismoaren aurrean, klase-batasuna aldarrikatu du jendetzak Iruñean

Vito Quilesen agerraldiaren aurretik, Alde Zaharrean izan da manifestazio masibo bat. "Vitoren arriskua ondorengoa da: bere bitartez faxismoaren presentzia kaleetan normalizatzen dela", ohartarazi dute.
2026eko urriaren 15 - 17:53
Faxismoaren aurrean, klase-batasuna aldarrikatu du jendetzak Iruñean

Vito Quilesek Iruñean iragarritako agerraldia zela-eta, hainbat mobilizazio antifaxista izan dira hirian gaurko arratsaldean. 17:00etan Konpainia Plazatik abiatutako manifestazioa, esaterako, masiboa izan da: jendetzak hartu ditu Alde Zaharreko kaleak, Faxismoaren aurrean, klase batasuna aldarritzat hartuta. 17:45 aldera amaitu da mobilizazioa, San Frantziskon.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2110759283759489271

Manifestariek, gaurkoan, Quiles bezalako figuren arriskuaz ohartarazi dute, iritzita "bere bitartez faxismoaren presentzia kaleetan normalizatzen" dela eta "eskuin muturreko gazte-belaunaldiek kaleak hartzen dituztela". Horregatik nabarmendu dute bere aurka mobilizatzeak duen garrantzia, "gorroto-mezu horien aurrean erantzun antifaxista gailendu" dadin.

Alderdi politiko parlamentarioak ere kritikatu dituzte, sozialdemokrazia seinalatuz hala nola: "Faxismoaren mamua zabaldu du boto propioa elikatzeko". Besteak beste PSOE jarri dute jopuntuan, azken urteetan "faxismoaren arriskua bere espazio elektorala aktibatzeko erabili" duelako eta, aldi berean, "faxismoari nahieran ibiltzen" utzi diolako. Horren adibidetzat jo dituzte Quiles bera, Núcleo Nacional edo Ceutan jardun duten faxistak.

Bitartean, ordea, antifaxismoa etengabe jazarri eta zigortu dutela gogorarazi dute: "Iruñean bertan hamarnaka atxilotu eta epaiketa daude abian bai Vito Quilesi aurre egiteagatik bai Núcleo Nacionaleko faxistei erantzuteagatik". "Hauteskunde-kanpainan gaudenean, pin antifaxista jartzen ahaleginduko dira, baina orain arte ezer gutxi egin dute faxismoaren aurrean eta antifaxismoaren aurkako errepresioaren testuinguruan", gaineratu dute sozialdemokraziaren inguruan.

"Faxismoari eguneroko militantziatik egin behar diogu aurre. Langile-klasearen bloke independente bat osatu behar dugu faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka", azpimarratu dute gaurko mobilizazioan: "Bloke hori herri-mugimenduek eta mugimendu iraultzaileok osatu behar dugu, instituzio burgesen eraginetik kanpo".

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2110754738044092448