Azken egunetan, zalaparta handia sortu dute Ukrainatik zabaldutako hainbat irudik: antza denez, Espainiako Estatuko hainbat faxista joan dira Ukrainara, eta badirudi prestakuntza militarra jasotzen ari direla haietako batzuk. Núcleo Nacionalek abuztuaren 31n egin zuen argitalpen bat Instagrameko bere kontuan, eta bertan ikus zitekeen talde faxistaren ordezkaritza bat Ukrainan, aurpegia agerian kasu gehienetan.
Hainbaten harridurarako, Núcleo Nacionalen ordezkaritza horretan euskal herritar bat identifikatu zuten zenbait iturrik eta profilek: jatorriz Donostiakoa (Gipuzkoa) den eta bere garaian espazio politiko abertzaleetan parte hartzen zuen gizonezko gazte bat, Aitor izenekoa. Albiste honetako argazki nagusian ikus daiteke Aitor, armaturik eta bularraldean nazien svastika bat daramala.

Pertsona hori Arbasoen Mendekua (@AMendekua44 X plataforman) sinaduraren atzean dago besteak beste. Sare sozialetako jardunaz gain, kaleetan ere jardun du "Europaren aldeko" eta immigrazioaren aurkako pegatinak eta beste ipintzen. 2025eko otsailean, Aitorrek eta beste pertsona batek militante sozialista bati eraso zioten Tolosan (Gipuzkoa), mezu faxistadun pegatina batzuk jarri nahian ari zirenean, aurre egin baitzien tolosarrak. Piper-gasa erabili zuten bere aurka, eta alde egin zuten.

X sare sozialeko España en Guerra kontuak jakinarazi duenez, Aitorrek berak Instagrameko bere kontuan argitaratu ditu ustez Ukrainan grabatutako hainbat bideo. Irudi horietan, donostiarra bera ikus daiteke toki ezezagunen batean tiro egiten. Informazio horrek alarma piztu du hainbat espazio antifaxistatan, eta zabalpen handia izan du Núcleo Nacionaleko zenbait kide Ukrainan formakuntza militarra jasotzen aritu direlako egiaztapenak.