AKTUALITATEA
Ez dago erregistro homogeneo, publiko eta anonimizaturik jakiteko ea Espainiako Estatuan zenbat pertsona fisikok edo juridikok dituzten bost etxebizitza edo gehiago. Etxebizitza Eskubidearen aldeko Legeak "edukitzaile handitzat" definitzen du bizitoki-erabilerako hamar hiri-higiezin baino gehiago dituena edo eraikitako 1.500 metro koadro baino gehiago dituena, eta "eremu tentsionatuetan", muga hori bostera jaisten da; hala ere, ez du behartzen etxebizitza-titularren inguruko estatu-errolda bat argitaratzera. Katastroak, hala, aukera ematen du titular bakoitzeko etxebizitzak zenbatzeko, baina ez du zehazten zenbat jabek gainditzen dituzten bost, hamar edo 50 higiezin. Urriaren 6ko 29/2026 Errege Lege Dekretuak betebehar modura markatzen du, Jabetza Erregistroan, edukitzaile handiek euren kondizio hori egiaztatzea, baina ez du errolda publiko erantsirik sortzen. Gobernuak, arrazoiren batengatik, oraindik ez du jendaurrean azaldu zergatik ez dagoen erregistro hori.
Datu horiek lortzea, tratatzea eta argitaratzea nahiko erraza izango litzateke gobernuarentzat. Lehen aipatu bezala, jabe bakoitza bere etxebizitza guztien arabera jasotzen du Katastroak, eta Zerga Agentziaren Etxeen Panelak aukera ematen du kontzentrazioa zatika kalkulatzeko. Gainera, esan modura, Jabetza Erregistroan edukitzaile handiek euren kondizioa egiaztatzeko betebeharra gaineratzen du 29/2026 Errege Lege Dekretuak. Hiru tresna horiekin, zatikako (bost etxebizitzatik bederatzira, hamar etxebizitza edo gehiago, 50 etxebizitza edo gehiago) errolda erantsi eta anonimizatu bat egitea baino ez litzaioke geratuko gobernuari, estatistika-azpiegitura berri bat sortu beharrik gabe. Beraz, zailtasuna ez da teknikoa, politikoa baizik. Zenbat jabe handi dauden eta zenbat etxebizitza dituzten argitaratzeak, gaur egun, hurbilketa bidez bakarrik ezagutzen den errealitate bat ikusaraziko luke.
Hamar higiezin baino gehiago dituzten jabeek laukoiztu egin dute beren ondarea 2008tik hona: 138.000 etxe izatetik 626.000 izatera
Ditugun datu urriekin, jabetza-kontzentrazioaren joera argi bat ikus daiteke. Kontsumo Ministerioaren eta CSICen txosten baten arabera, Zerga Agentziaren Etxeen Panela kontuan hartuta, hamar higiezin baino gehiago dituzten jabeek laukoiztu egin dute beren ondarea 2008tik: 138.000 etxebizitza edukitzetik 626.000 izatera igaro dira. 2025eko Katastroaren analisiak, Hego Euskal Herria barne hartzen ez duenak, enpresa pribatuek 1.076.753 etxebizitza metatzen dituztela baieztatzen du, estatuko parkearen %4. Horien artean, 50 alokairu baino gehiago kontrolatzen dituzten 737 erakunde nabarmentzen dira, 178.000 etxebizitzarekin (alokairuko 1,8 milioi etxeen %10 inguru). Caixabankek bakarrik 22.000 etxebizitza inguru ditu alokatuta, eta Blackstonek, 19.600, El País-ek jasotzen dituen datuen arabera.
Etxebizitza-eskubidearen aldeko mugimenduan hainbat ahotsek seinalatzen dute edukitzaile handien eta euren esku dituzten etxeen kopuru osoa nahita ezkutatzen dela, gobernuarentzat "deserosoa" eta "politikoki konprometigarria" izan litekeelako. Gobernuak, ordea, ez du azaldu zergatik ez dagoen erregistro publiko hori, nahiz eta, datuen arabera, gero eta kontzentrazio handiagoa dagoen. Politikoki deserosoa izan liteke hori, batez ere etxebizitza eskuratzeko krisi sozial handi baten erdian.
Oraingoz, ez du ematen 29/2026 Errege Lege Dekretuak errolda publikoa garatuko duenik, ezta gobernuak erregistro hori zergatik ez dagoen azalduko duenik ere. Erregistrorik ez dagoen bitartean, zenbait alderditan daturik ez egoteak zaildu egiten du etxebizitza-politiken diseinuari eta ebaluazioari buruzko eztabaida zorrotza egitea, hainbat adituk behin eta berriz esan duten arren edukitzaile handien errolda publikorik ez egoteak eragotzi egiten duela kontzentrazioa zehaztasunez neurtzea eta birbanaketa-neurri eraginkorrak diseinatzea. Sakoneko galdera da ea nork eta zein neurritan duen etxebizitza Espainiako Estatuan, eta zergatik gobernuak ez duen informazio hori argitaratzen. Datu osorik ezean, kontzentrazioak gero eta joera nabariagoa izaten jarraituko du, baina hurbilketa partzialetan oinarrituz dokumentatuko da hori, eta ez da zehatz-mehatz kuantifikatutako errealitate bat izango. Horrek aukera ematen du eztabaidak "eskaintzaren arazoaren" eta "eraikuntza faltaren" tesiak defendatzen dituzten jarreretan lerratuta eta ainguratuta jarraitzeko.