Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxebizitzaren "egoera jasanezina" dela salatu du, eta langile-klaseari eragiten dion krisiaren adierazgarritzat jo du etxegabetzeen eta etxebizitza faltari lotutako heriotzen segida: "Emakume batek bere buruaz beste egin zuen etxea galdu ondoren, adingabeak zituen familia bat etxegabetu dute Gasteizen, etxerik gabeko hiru pertsona hil dira Donostian azken hilabeteetan...". Sindikatuaren arabera, "etxebizitza-krisia langile-klaseak pairatzen du, eta bien bitartean, etxebizitzaren negozioak bere urterik onenak bizi ditu".
Gasteizen egindako agerraldian, sindikatuak salatu du "bankuen, putre-funtsen eta jabeen poltsikoetara doala dirua", "langile-klasearen kalterako". Krisiari aurre egiteko alderdi politikoek erakutsi duten ezintasuna ere seinalatu du, ohartaraziz "egungo politika publikoek ez dietela etxebizitza-krisiaren egiturazko arrazoiei heltzen".
Mari Carmenen etxegabetzea eta alderdi politikoen jarduteko modua
Sindikatuak gogor kritikatu du PSOEren jarduna, "alderdi errentistatzat" jota: "Apurrak negoziatzen ditu higiezinen negozioa gizentzen duen bitartean". Aste honetako egoera jarri du horren adibidetzat, hain justu: "Putre-funtsen jarduna mugatzen zuen neurri bat blokeatu duen bitartean, etxegabetzeen luzamendu bat aurkezten du parlamentuan". Sindikatuaren iritziz, ordea, neurri instituzional horiek ez diote etxebizitzaren merkatuaren funtzionamenduari eta horren inguruan sortzen diren interes ekonomikoei heltzen, eta "ez dute inolako interesik etxebizitzaren arazoa benetan konpon dadin neurriak hartzeko".
Sindikatuak azaldu du alderdi politikoak "hauteskunde-interesagatik bakarrik mugitzen" direla, "eta mobilizazioen presioa jasanezina zaienean", Mari Carmenen kasua adibide modura hartuz. Egoera horren aurrean, "langile-klasearen antolakuntza" aldarrikatu du kolektiboak. "Guri dagokigu, langile-klaseari, amankomunean dugun interesaren alde antolatzea: guztiontzat bermatutako kalitatezko etxebizitza".
Etxebizitza eskubide bermatu gisa
Etxebizitza "eskubide bermatu gisa ulertzea" proposatzen du sindikatuak, eta ez irabazi pribatuaren logikaren menpe dagoen ondasun gisa: "Nazkatuta gaude erdizkako eskubideekin: etxebizitza oinarrizko eskubidea da eta bermatuta egon behar du. Bai, bermatuta. Hezkuntza edo osasuna bezala", defendatu du.
Sindikatuaren esanetan, horrek esan nahi du etxebizitza "eskuragarria izan behar dela bizitzako edozein bizi-egoeratan"; "ezin dugu bizitza osoa etxebizitza batengatik ordaintzen pasatu". Argitu du, dena den, "etxebizitza eskubide gisa bermatzea ezinezkoa dela etxebizitzak gutxi batzuentzat irabazi-iturri izaten jarraitzen badu".
"Ezinezkoa dela sinetsarazi nahi digute; izan ere, neurri batean egia da, ezinezkoa da etxebizitzak gutxi batzuentzako onura iturri izaten jarraitzen duen bitartean", dio: "Bateraezinak dira etxebizitza-eskubidea eta etxebizitzaren negozioa". Planteamendu horretatik abiatuta, hiru eraldaketa-ildo nagusi proposatu ditu sindikatuak: espekulatzaileen desjabetzea, etxebizitzen erabilera espekulatiboa debekatzea eta planifikazio ekonomikoa.
Hiru eraldaketa nagusi
Lehenik eta behin, etxebizitzak metatzen dituzten jabe eta eragile espekulatzaileen desjabetzea aldarrikatu du: "Ezin da onartu dozenaka edo milaka etxebizitza metatzea, langile-klasearen zati handi batek bat ere ez duen bitartean". Horrenbestez, "putre-funtsen, bankuen, higiezinen enpresen eta abarren etxebizitzak berreskuratu egin behar dira, eta langileen zerbitzura jarri", sindikatuaren hitzetan.
Bigarrenik, etxebizitzen erabilera espekulatiboa debekatzea proposatu du. "Etxebizitzak bizitzeko dira, atseden hartzeko, langileok oporretara joan ahal izateko... Eta horregatik ezin dute gutxi batzuen onuraren zerbitzura egon", adierazi du. Eta, hirugarrenik, etxebizitza berrien eraikuntza, hirigintza eta higiezinen birgaitzea gizarte-premien arabera planifikatzea proposatu du. "Planifikazio ekonomikoa merkatu kapitalista baino arrazionalagoa eta askoz justuagoa da", zehaztu du.
Hala ere, sindikatuaren arabera, eraldaketa horiek ez dituzte gaur egun boterean daudenek bultzatuko: "Boterea neurriok hartzera derrigortu egin behar da". Horri lotuta, "errentari handien botere ekonomikoa menderatzeko", Estatu Sozialista baten beharra planteatu du, "aipatu ditugun politikak garatuko dituena".

Etxegabetzeei aurre egiteko borroka antolatzea
Etxebizitza-ereduaren eraldaketa estrukturalarekin batera, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berehalako lehentasun modura nabarmendu du etxegabetzeei aurre egiteko antolatzea. Gogorarazi duenez, Euskal Herrian, batez beste 3,6 etxegabetze izaten dira egunean.
Sindikatuarengana jo duten hainbat familiaren egoera larriaz ohartarazi du, martxan baitaude hamaika etxegabetze-prozesu: Gasteizen, urriaren 23an etxegabetu nahi dute sei adingabe dituen familia bat; Billabonan, urriaren 1ean, desgaitasuna duen haur txiki bat duen familia bat bota nahi dute etxetik; Donostian, azaroaren 13an, adingabeak dituen familia batek jasan dezake etxe-kaleratze bat; Hernanin, azaroaren 28rako dago ezarrita adingabeak dituen beste familia baten desalojoa; Leioan, emakume batek eta haren alaba txikiak etxea uzteko agindua dute urriaren 8rako; Astrabuduan, urriaren 23an, beste emakume batek gal dezake bere etxea; eta Iruñean, urriaren 14an, aurrez etxegabetua izan den emakume batek berriro bizi beharko du egoera hori, udal-etxebizitza batean.
Sindikatuak azpimarratu du horiek "adibideetako batzuk baino ez" direla; "hori da langile-klasearen eguneroko ogia". Horren aurrean, etxegabetzeen aurkako borroka kolektiboa antolatzeko beharra nabarmendu du.
Asanblada herritarrak urriaren 2an
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak asanblada herritarrak antolatu ditu ostiral honetarako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako hainbat plazatan, "etxebizitzaren aldeko antolakuntza bultzatzeko". 19:00etan izango dira asanblada guztiak; Bilboko Santiago Plazan, Gasteizko Faroloian, Donostiako Bulebarrean eta Iruñeko Gaztelu Plazan.
"Dagoeneko borrokan ari diren pertsona guztien edo orain batu nahi dutenen arteko topalekua izatea nahi dugu", diote sindikatutik. Bileretan, sindikatuaren aldarrikapenak aztertu eta datozen hilabeteetarako borroka eta mobilizazioak antolatuko dituzte; izan ere, helburua da "etxegabetzeei aurre egiteko eta etxebizitza bermatuaren aldeko mugimendua indartzeko antolakuntza bultzatzea".
"Horretarako, gaurdanik mugimendu indartsu bat sortu behar dugu, etxebizitza-eskubidearen alde borrokatuko duena eta aipatutako norabidean joko duena", adierazi du sindikatuak: "Ezin dugu errentismoaren zerbitzura dauden politikarien esku utzi. Kontrola hartzeko, aurrerapauso bat emateko eta antolatzeko unea da".
