AKTUALITATEA / Etxebizitza

Etxebizitza dekretuak ez du putre-funtsen espekulazioa debekatzen

Espainiako Gobernuak ezarri nahi duen "funtsen aurkako" neurriak prezio konkretu baten azpitik erostea besterik ez die debekatzen: 200.000 euroko pisuak 140.000 euroan eskuratzea baimentzen die.
2026eko irailaren 30 - 07:17
Etxebizitza dekretuak ez du putre-funtsen espekulazioa debekatzen
— ARGAZKIA Pool Moncloa/Sandra Armada

Espainiako Ministroen Kontseiluak astearte honetan onartu du lege-dekretu bat, gobernuak ostiral honetan Diputatuen Kongresuan baliozkotu nahi duena, baina neurriak ez die debekatzen "putre-funtsei" etxebizitzak erostea eta espekulatzea. El Periódico-k eskuratu duen testuak jasotzen duenez, dekretuak muga bat ezartzen die funts horiei, baina merkatuko tasazio-prezioaren %70etik behera egindako erosketetan soilik. Izan ere, praktikan, gobernuak %30etik gorako deskontua hartzen du erosketa bat espekulatibotzat jotzeko muga.

Dekretuaren arabera, 200.000 euroko balioa duen etxebizitza bat putre-funts batek erosi ahal izango du berdin-berdin, 140.000 euro edo gehiago ordaintzen baditu. 2028ko abenduaren 31ra arte indarrean egongo den murrizketa ez da erosleak aurrez duen higiezin kopuruaren araberakoa, ezta bere izaeraren araberakoa ere; alegia, ea juridikoki inbertsio-funts bat den, Higiezinen Merkatuan Inbertitzeko Sozietate Anonimo Kotizatu (SOCIMI) bat den edo higiezinen sozietate bat den. Higiezinak erostea helburutzat duen erakunde bat izatea da markatzen den irizpidea, eta erosketa ez ixtea ezarritako prezio-atalase horretatik behera.

Dekretuak bere burua aurkezten du "etxebizitza espekulazioz erosteko debeku" gisa, eta ziurtatzen du "etxebizitzaren bizitoki-erabilera" babestu nahi duela "espekulazio-jardueraren aurrean". Testuaren arabera, etxebizitza bat erosi behar duten herritarrak merkatu batean lehiatu behar dira, non topo egiten duten bai "familia aurreztaileek" bai "etxebizitzaren errentagarritasun ekonomiko handiena lortzera bideratutako inbertsio-funts espekulatzaileek". Halaber, testuak onartzen du, lehia horren ondorioz, "baldintza ekonomiko oso mesedegarriak" behar direla merkatu horretara baldintza-berdintasunean sartzeko, baina ez dela hori herritar gehienen egoera.

Hala ere, arauak zenbait salbuespen jasotzen ditu, eta horrek aukera ematen die entitateei erosten jarraitzeko, tasazioaren %70etik beherako langarekin. Higiezina gutxienez bost urtez ohiko etxebizitza gisa alokatzeko edo saltzeko erabiltzen baldin badute ("arrazoizko prezioan edo prezio sozialean"), tasazioaren %70etik beherako prezioetan erosteko aukera izango dute funtsek, baita beste zenbait kasutan ere: arreta soziosanitarioa behar duten pertsonentzako egoitzak direnean; hirugarren sektoreko erakundeen partetik, kolektibo zaurgarrientzako bizitokiak direnean; genero-indarkeriaren biktimen egoitza-babesera bideratzen direnean; eta enpresek Jardunbide Egokien Kode batekin bat egiten dutenean, etxebizitzan eskumena duten agintaritzekin adostuta. Etxebizitza sozialak eta eskuragarriak sustatzen edo kudeatzen dituzten sektore publikoko administrazioak, erakunde publikoak eta merkataritza-sozietateak automatikoki sartuko dira salbuespen horren barruan.