AKTUALITATEA / Gerra
Espainiako Armadako militarrek Nafarroako hainbat herri hartu dituzte egunotan
Iragan ostiralean, udaltzainek eta Espainiako Poliziak lagunduta, Iruñean patruilan ibili ziren militarrak. Larunbatean, aldiz, iparraldera jo zuten: Beran, Etxalarren nahiz Ezkarotzen ikusi zituzten. Atzo, igandea, Lizarrako kaleak hartu zituzten. Salbuespen egoeran, estatuko beste hamaika txokotan sartu da Espainiako Armada, tartean, Gasteizen. Frantziako Armadak ere esku hartu du dagoeneko, eta besteak beste, Baionan hedatuko dela iragarri zuten martxoan.
2020eko apirilaren 6
Espainiako Armadako militarrek Nafarroako hainbat herri hartu dituzte egunotan

Nafarroako herri ugaritan desfilatu dute Espainiako Armadako militarrek azken egunetan: Iruñean, Tafallan, Tuteran, Beran, Mendabian, Etxalarren, Erriberrin, Zugarramurdin... Atzo, apirilak 5, Lizarrako kaleak hartu zituzten.

Aurreko ostiralean, apirilak 3, Iruñean patruilan ibili ziren 50 militar inguru. Tartean, Alde Zaharrean sartu ziren, Espainiako Poliziarekin eta Iruñeko Udaltzaingoarekin batera. Bizilagunek kazerolada eta oihu artean hartu zituzten. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren arabera, hiriburuan dauden "azpiegitura kritikoak" atzemateko lanetan jardun zuten.

Antza, larunbatean, apirilak 4, iparraldera jo zuten militarrek. Besteak beste, Beran, Etxalarren eta Ezkarotzen ikusi zituzten. Gero, Zugarramurdi eta Sara (Lapurdi) artean kanpamentu bat altxatu zuten.

Militarizazioa hamaika txokotan

Espainiako Estatuko beste hamaika txokotan hedatu da Espainiako Armada salbuespen egoeran, tartean, Gasteizen (Araba). Miguel Villaroya Defentsa Estatu Nagusiko buruzagiak martxoaren 17an jakinarazi zuen "instalazioak desinfektatzeako eta jende pilaketak ekiditeko" aitzakiapean sartuko zirela militarrak hainnbat herritan.

Bestalde, martxoaren 31n iragarri zuen Frantziako Gobernuak Erresilientzia Operazioa delakoa abiatuko zuela Frantziako Armadak, eta besteak beste, Baionan (Lapurdi) esku hartuko zutela militarrek.