AKTUALITATEA / Kontseilu sozialistak
Ekainaren 27an, hiri-eredu kapitalistaren aurka mobilizatzera deitu du Donostiako Kontseilu Sozialistak
"Higiezin-agentziak, eraikuntza-enpresak eta haien konplizeak turismoaren eta etxebizitzaren negozioaren arduradunak dira. Irabaziak handitzeko langile-klasea Donostiatik kanporatzen ari dira", salatu du Kontseiluak.
2026eko maiatzaren 7 - 10:04
Ekainaren 27an, hiri-eredu kapitalistaren aurka mobilizatzera deitu du Donostiako Kontseilu Sozialistak

"Hiri-eredu kapitalistaren aurka" mobilizatuko da ekainaren 27an Donostiako (Gipuzkoa) Kontseilu Sozialista: eguerdiko 12:00etarako egin du deialdia, eta Bulebarretik abiatuko da manifestazioa.

Gipuzkoako hiriburuko Kontseilu Sozialistak "turismoaren eta etxebizitzaren negozioaren arduradun" gisa seinalatu ditu "higiezin-agentziak, eraikuntza-enpresak eta haien konplizeak", ohartaraziz "langile-klasea Donostiatik kanporatzen" ari direla, euren "irabaziak handitzea lehenesten" dutelako. "Gero eta ohikoagoa da hainbat familia etxebizitza berean bizi behar izatea, hirian etxegabetzeak gora doaz, eta alokairuaren eta bizitzaren garestitzea gertatzen ari dira", gaineratu du.

Hiri-eredu hori ezartzeko, Donostiako Udala (EAJ) "eskubide politikoen murrizketan sakontzen" ari dela ere salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek. Eta horren adibidetzat hartu dituzte, hain zuzen ere, "hiriaren polizializazioa, militantzia politikoaren eta eragile sozialen aurkako jardun poliziala, eta etorkinen aurkako jazarpena". Horren guztiari ezetz esateko mobilizatuko dira ekainaren 27an, larunbatez, eta horri begira jardungo dute lanean datozen asteetan.