Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak Zubietako (Gipuzkoa) makropresondegi berriaren irekiera dataren berri eman du: ekainaren 15ean ekitaldia egingo dute, eta hilabetearen hurrengo bi asteetan zehar bertara lekualdatuko dituzte Martuteneko (Gipuzkoa) preso guztiak, baita Zaballako (Araba) hainbat ere. Hurrenez hurren, gaur egun, kartzela horietan 339 preso eta 700 baino gehiago dituzte gatibu.
Martuteneko presondegia Espainiako Estatuko zaharrenetakoa da, eta 2024tik, Euskal Autonomia Erkidegoko beteena: urte hartan, batez beste, 1,61 preso zeuden ziega bakoitzean. Egungo egoera are eta larriagoa da: batez beste, 2,58koa da ziega bakoitzeko preso kopurua. Horiek izan ziren makrokartzela berria sortzeko emandako argudioetako bi.
Orain, ordea, egoera ez da sobera aldatuko: 475 plaza izango ditu Zubietako kartzela berriak. Alta, 234 ziega bakarrik, sei modulutan banatuta. Ondorioz, batez beste, bi preso egongo dira ziega bakoitzean. Gainera, edozein unetan beste 25 preso jaso ditzakete Zubietan, hartarako edukiera izango baitu presondegiak. Plazei dagokienez, 360 gizonezkoentzat izango dira, 40 emakumezkoentzat, eta beste 75 "erregimen irekian" edo beste erregimen batzuetan daudenentzat.
'Euskal espetxe-eredua' eta heriotzak
Otsailean agerraldia egin zuten PSOEko bi sailburuk, Denis Itxasok (Etxebizitza sailburua) eta Maria Jesus San Josek (Justizia sailburua). Bertan, Zubietako instalazioek "euskal espetxe-eredua" finkatzeko balioko zutela esan zuen San Josek. Omen, agintarien arabera, eredu horrek balioko luke "Konstituzioa modu humanoago eta eraginkorrago batean betetzeko"; alegia, "zigortzen duten zigorrekin, bai, baina, batez ere, pertsonak prestatzen dituztenak berriz ere gizartean bizi daitezen". Hala eta guztiz ere, politikari profesionalek diotena baino, oso bestelakoa da presondegietako egoera. Izan ere, azken hilabeteotan gutxienez lau preso hil dira Euskal Herriko kartzeletan: bi Zaballan (Jaurlaritzaren eskumenekoa), eta bana Iruñean (Nafarroa) eta Baionan (Lapurdi).
Zubietako erraustegia, kartzela berotzeko
Bestalde, makrokartzela Zubietako erraustegitik 200 metrora eraiki dute, eta presondegia berotzeko erraustegiko bero soberakina erabiliko dute. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako District Heating sistema baliatuko dute. Bada, sistema horrek hainbat arrisku ditu. Esaterako, fauna eta floratik eratorriko energia kontsumitzen dutenez, sistema horiek biomasa energia-iturriak etengabean behar dituzte, eta iturriok ingurukoak izan behar dute gainera. Bestela, etengabeko itzalaldiak pairatu ditzakete District Heating sistema erabiltzen duten instalazioetan.
Horretaz guztiaz gain, Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak agerraldia egin zuen joan den larunbatean, hilaren 23an. Mobilizazio amaierako adierazpenean, besteak beste, zera adierazi zuen: "Mundu osoko adituak ari zaizkigu ohar nabarmenak egiten erraustegiez: urtetik urtera pilatzen ari dira erraustegiak zabaldutako pozoiak, dioxinak, furanoak, metal astunak, PFASak eta beste kutsagarri arriskutsuak. Gure artean ToxicoWatcheko ikerlariek erakutsi dute zenbat pozoi ari den zabaltzen erraustegia inguruko lur, aire eta uretan".