Atzo goizean, Biriatun (Lapurdi), motibazio politikoko atxiloketa bat egin zuen Frantziako Poliziak, Euskal Irratiek jakinarazi zutenez. Urruñakoa (Lapurdi) da atxilo eramandako pertsona eta Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) militantea da, kolektibo horrek berak arratsaldean azaldu zuen modura. "EHEk gogor salatzen du gure eskubideen alde dihardugunon aurkako errepresio eta kriminalizazio oro", adierazi zuen X sare sozialean.
Arratsaldeko 17:30ean, Urruñan bertan egin zuten elkarretaratze bat goizeko atxiloketa salatzeko: Pilota Plazan izan zen protesta, eta 100 lagun inguru bildu ziren.
Euskal Irratiek gaur azaldu dute atxiloaldia luzatu diotela atzemandako gazteari. Antza denez, atxilotuak sare sozialetan zabaldutako bideo batean "terrorismoa goratu izanaren zantzuak" daudela argudiatu dute horretarako.