AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak

"EAJk errentatzaileen, espekulatzaileen eta eraikitzaileen interesen alde egiten du"

Pradales asteartean bertaratu zen Tolosara, ekimen instituzional baten barruan. Parean elkarretaratu zen Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialista, 'EAJ espekulatzaileen zerbitzari, langileon miseriaren erantzule' lelopean.
2026eko urriaren 29 - 09:07
"EAJk errentatzaileen, espekulatzaileen eta eraikitzaileen interesen alde egiten du"

AKTUALITATEA

Joan den asteartean Tolosan izan zen Imanol Pradales lehendakaria, ekimen instituzional baten barruan: Topic zentrora bertaratu zen "Euskadiren erronkei eta lehentasunei" buruzko hitzaldi bat egitera. Horiek horrela, parean egin zuen protesta bat Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) "espekulatzaileen zerbitzari" eta "langileon miseriaren erantzule" dela seinalatzeko.

Salatu zuten Pradalesen hitz-hartzea "hauteskundeetara begira egindako mugimendu" bat zela, eta ezinbestekotzat jo zuten mobilizatzea, gogorarazteko "errentatzaileen, espekulatzaileen eta enpresa eraikitzaileen interesen alde" jarduten duela lehendakariaren alderdi politikoak. "Petronor eta Confebasken interesak defendatzen ditu, langileok miseriara kondenatuz", azaldu zuten.

Etxebizitzaren auziak agenda politikoa erabat markatu duen honetan, sindikatuak gaineratu zuen EAJk, "etxebizitzaren arazoari aurre egin" ordez, "etxebizitzaren negozioaren aldeko politikak" egiten dituela, espekulazioari bide eginez besteak beste. "Borroka kalean antolatu behar dugu, instituzioetatik kanpo. Azaroaren 11ko greba orokorra, beraz, ezinbestekoa izango da arazoari aterabidea emateko", aldarrikatu zuen.