AKTUALITATEA / Palestina
CAFek Israelentzat egindako tranbiak hondatu dituzte: "Ekiteko beharra sentitu dugu"
Kolonia israeldarrak lotzeko tranbiak eraikitzen ari da Goierriko enpresa, eta protesta modura, horiek markatu dituzte hainbat pertsonak: "CAFen eta gainerako enpresa, instituzio eta alderdi konplizeen aurrean, presioa mantentzeko beharra mahaigaineratu nahi dugu". Ekainaren 13an, CAF seinalatzeko manifestazio bat izango da Beasainen.
2026eko ekainaren 3 - 12:25
CAFek Israelentzat egindako tranbiak hondatu dituzte: "Ekiteko beharra sentitu dugu"

Protesta-ekintza handi bat egin dute berriki CAF enpresaren instalazioetan. Palestinako lurren okupazio-prozesuarekin jarraitzeko, kolonia israeldarrak lotzeko azpiegiturak garatzen jarraitzen du estatu sionistak, eta horretan lagunduko du CAFek: besteak beste, Tel Avivera doazen tranbiak eraikiko ditu Israelentzat. Ibilgailu horiek Goierrin ikus daitezke jada, eta horren aurrean, protesta egin nahi izan dute hainbat herritarrek: tranbiak hondatu eta margo gorriz markatu dituzte.

"Oraindik amaierarik ez duen genozidioaren aurrean, inpotentzia sentiarazi nahi diguten garaiotan, ekiteko beharra sentitu dugu", azaldu dute ekintzaileek ohar baten bidez: "Askotan entzun izan dugu euskal trenbide-enpresak kolonialismo sionista indartzen duten trenak ez dituela Euskal Herrian ekoizten, baina azken hilabeteetan gutxienez, hemengo errepide, portu eta biltegietan dabiltza".

Goierrin egindako azken ekintza horren bidez, "CAFen eta gainerako enpresa, instituzio eta alderdi konplizeen aurrean presioa mantentzeko beharra mahaigaineratu" nahi izan dute, eta ekainaren 13an kaleak hartzera deitu dute. Izan ere, egun horretan izango da CAFeko Akziodunen Batzar Nagusia Beasainen (Gipuzkoa), eta manifestazio bat antolatu du bertan Palestinarekin Elkartasuna plataformak; 12:00etan hasiko da Beasaingo plaza nagusitik.