AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Bost eguneko greba egingo dute Itaroako Yelmo zinema aretoetako langileek
Borrokan jarraitzen dute Uharteko Yelmo zinema aretoetako beharginek, lan baldintza duinen alde. Apirilean ere grebara jo zuten, besteak beste, soldata "oso baxuen" igoera exijitzeko. Enpresako zuzendaritzarekin hainbat batzar egin dituzte langileek, baina ez ditu haien eskaerak onartu, eta grebaldi berriarekin erantzutea erabaki dute. Udaberriko borrokaldiaren ostean enpresa salatu zuten langileek, greba eskubidea urratzeagatik.
2019eko abenduaren 19
Bost eguneko greba egingo dute Itaroako Yelmo zinema aretoetako langileek

Apirileko lau eguneko lanuztearen ostean, greba egingo dute berriz Uharteko (Nafarroa) Itaroa saltoki guneko Yelmo zinema aretoetako langileek. 35 beharginek "lan baldintza duinak" exijituko dizkiote, beste behin, Yelmo Films enpresari.

"Oinarriko langileen" artean, guztiek egin zuten bat apirileko grebarekin. Hainbat aldarrikapen mahaigaineratu zituzten, gutxieneko soldata batik bat. Enpresako zuzendaritzak, baina, behin eta berriro "bizkarra eman" diela azaldu dute langileek. Hainbat batzar egin dituzte borrokaldia hasi zenetik, baina ez dute akordiorik erdietsi. Besteak beste, soldatak, oporraldiak edota baimenak izan dituzte hizpide. Hortaz, berriro lanuztera deitzea erabaki dute langileek. Gaur, abenduak 19, hasi eta abenduaren 23ra arte izango da grebaldi berria. Guztira, 35 langile daude grebara deituta, eta aurreko deialdiaren jarraipena kontuan harturik, parte hartze handia aurreikusi dute.

Hainbat elkartasun keinu jaso dituzte Itaroako beharginek; esaterako, Madrilgo Yelmo Cines Idealeko langileen partetik, edota Berriozarko Talde Antikapitalistaren partetik.

Jazarpena

Iragan udaberriko greba deialdian, Guardia Zibilak hainbat langile kanporatu zituen saltoki gunetik, bezeroei gatazkaren nondik norakoak azaltzen ari zirela. Greba batzordeko kideei lantokira bertaratzen ez uzteagatik, zein greba eskubidea urratzeagatik, enpresa salatu eta auzitegietara jo zuten langileek. Izan ere, greban zeuden langileak ordezkatzen ere saiatu zen zuzendaritza, arduradun postuetako beharginen bidez.