AKTUALITATEA / Errepresioa

Bi atxilotu bart Hondarribian, pankarta bat ateratzeagatik

Polizia-dispositibo erraldoi bat ezarri dute udaltzainek eta Ertzaintzak, GKSko hainbat kidek irekitako pankarta baten harira, eta lanean ari ez zen ertzain batek ere bortizki esku hartu du. Kexatzeko hurbildu den jendearen kontra oldartu da Polizia.
2026eko irailaren 11 - 06:02
Bi atxilotu bart Hondarribian, pankarta bat ateratzeagatik

Bi atxilotu izan dira bart Hondarribian (Gipuzkoa), bertako festetan, txosnagunetik hurbil. Izan ere, gauean, Itsas Etxeko teilatura igo dira Bidasoko Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) zenbait kide, pankarta bat ateratzeko asmoz: faxismoa salatzeko eta Gazte Topagune Sozialistara joateko mezuak irakur zitezkeen bertan. Hainbat udaltzain hurbildu zaizkie horren harira, eta gazteetako bat eraikineko eskaileretatik jaisten ari zela, bere burua identifikatzeko prest, bortizki bota eta arriskuan jarri dute poliziek. 

Pertsona horri udaltzainek emandako tratu bortitza ikusita, kexatzeko hurbildu dira hainbat eta hainbat pertsona, eta haien aurka oldartu dira agenteak, jende ororen kontra borrak aterata. Ertzaintzari hots egin dio udaltzaingoak.

Teilatuan zegoen bigarren gazte bat behera jaitsi denean, momentu horretan lanean ari ez zen ertzain batek esku hartu du, festan zegoela. Lepotik heldu dio jaitsi den GKSko militanteari, eta hormaren kontra ipini du. Hori ikustean ere hainbat herritar hurbildu dira, polizien jardunaz kexu. Ertzaintzak eta udaltzainek, ordea, polizia-dispositibo erraldoia ezarri dute inguruan, irudietan ikus daitekeen modura, eta grabatzen ari ziren herritarrei oldartu zaizkie. Istiluen aurkako ertzainak, foam jaurtigaiak soinean zituztela, bertan zeuden pertsonak izutzen saiatu dira.

Poliziak atxikirik eduki dituen bi gazteek biolentzia handia jasan dute, eta operazioa "neurrigabea" izan dela seinalatu dute lekuko ugarik. Azkenerako, Poliziak komisariara eraman ditu atxikitako bi militante sozialistak, eskuburdinekin loturik, inguruan zeuden pertsonen txistuak eta oihuak entzuten zirela. Ez dituzte goizaldeko 03:00ak arte askatu.

Hori gutxi balitz, lekukoek jakinarazi dute lanean egon gabe interbenitu duen ertzaina jendea probokatzen ahalegindu dela gero: Mugimendu Sozialistaren txosnara joan da edaria eskatzera.