AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Beste erailketa matxista bat: Iruñean, gizon batengandik ihesi galdu du bizia emakume batek
Urruntze-agindua urratu zuen gizonezkoak, eta terrazatik erorita hil zen emakumea. 37 urte zituen. Azken bi asteetan, bi erailketa matxista eta hilketa saiakera bat izan dira Euskal Herrian.
2026eko apirilaren 13 - 05:58
Beste erailketa matxista bat: Iruñean, gizon batengandik ihesi galdu du bizia emakume batek

Igande goizaldean, 04:30 aldera, emakume bat hil zen Iruñeko Sanduzelai auzoan. Hainbat hedabidek gerora azaldu dutenez, eraikin bateko terrazatik erorita galdu zuen bizia, gizonezko batengandik ihes egiten ari zela. Gizon horrek emakumearengana hurbiltzeko debekua zuen berez, baina urruntze-agindua hautsi zuen; arrazoi horregatik atxilotu zuten polizia-indarrek, eta gertakariak ikertzen ari dira.

Azken bi asteetan Euskal Herrian argitara atera den bigarren erailketa matxista da honakoa: apirilaren 3an jakinarazi zuten 44 urteko emakume bat aurkitu zutela hilik Basauriko bere etxean, eta autopsia egin ostean atxilotu zuten bere bikotekidea. Horrez gain, Berrizen, 38 urteko emakume bat hiltzen saiatu zen bere bikotekidea hilaren 6an: hainbat labankada eman zizkion, seme-alabak bertan zeudela.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herriko lau emakume erail dituzte indarkeria matxistari lotuta. Azken bi asteetan Iruñean eta Basaurin izan diren hilketen aurretik, martxoaren bukaeran, Zaragozan erail zuen 49 urteko emakume bat bere bikotekide ohiak, eta Irungoa zen biktima. Lan egiten zuen tokira joan zen hiltzailea eta tiro egin zuen bere kontra. Urteko lehen erailketa matxista, dena den, Iruñerrian izan zen: Sarrigurenen, 28 urteko emakume bat sastakadaka hil zuen bere bikotekideak