Beste erailketa matxista bat Euskal Herrian, hirugarrena apirilaren hasieratik hona. Arguedasen, Nafarroan, 44 urteko emakume bat erail du bere senarrak. Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, hiltzaileak bere burua entregatu zuen atzo Valtierrako kuartelean: esan zuen emaztea hil zuela eta gorpua Postigo kaleko euren etxean zegoela.
Badirudi asteburuan izan zela hilketa. Biktimaren senide batek aurkitu zuen gorpua aipatutako etxean, eta abisua eman zuen. Ordurako, ordea, kuartelean zegoen hiltzailea. 43 urte ditu.
Apirila hasi zenetik hona, hiru erailketa matxista eta bi hilketa saiakera atera dira argitara Euskal Herrian: apirilaren 3an Basaurin (Bizkaia) atxilotu zuten gizonezko bat, 44 urteko bere bikotekidea erailtzeagatik; apirilaren 6an, Berrizen (Bizkaia), 38 urteko emakume bat arma zuriz hiltzen saiatu zen bere bikotekidea; apirilaren 12an, Iruñean (Nafarroa), eraikin bateko terrazatik erorita hil zen beste emakume bat, labana bat zeraman gizon batengandik ihesi ari zela; eta maiatzaren 1ean, Donostian (Gipuzkoa), 24 urteko emakume bat itotzen saiatu zen bere bikotekidea. Denera, bost erailketa matxistaren berri eman dute Euskal Herrian urtea hasi zenetik.