AKTUALITATEA / Arrazakeria
Beriainen, futbol partida bat eten dute jokalari batek jasandako irain arrazistak zirela-eta
Jatorri ekuadortarreko gazte bat iraindu zuten ikusleek, eta Etxarri Aranatzeko talde osoak erabaki zuen bigarren zatian zelaira ez ateratzea, norgehiagoka bertan behera utzita.
2024eko maiatzaren 27
Beriainen, futbol partida bat eten dute jokalari batek jasandako irain arrazistak zirela-eta

Joan den larunbatean neurtu behar zituzten indarrak Beriaingo (Nafarroa) eta Etxarri Aranatzeko (Nafarroa) gizonezkoen futbol taldeek, Preferente mailarako igoera-fasean. Eta hasi, hasi zen partida, baina aurreneko zatia baino ez zuten jokatu: Etxarri Aranatzeko jokalari bati ikusleek egindako irain arrazistak zirela-eta, bigarren zatian zelaira ez irtetea erabaki zuen taldeak.

Ehundik gora pertsona zeuden Beriaingo zelaiko albo batean, eta partidua hasi bezain pronto ekin zioten Etxarri Aranatzeko jokalariak iraintzeari. Norgehiagokak aurrera egin ahala, jatorri ekuadortarrekoa den jokalari bati oihu arrazistak egiten hasi ziren: "mono", "Parrales", "anfibio", "Vete a la selva", eta abar.

Partidako atsedenaldira iristean, bigarren zatia ez jokatzea erabaki zuen Etxarri Aranatzeko taldeak. Irain arrazistak jasan zituen jokalariak esan zuen bera ez zela zelaira gehiago aterako, eta, berekin elkartasunez, berdin egin zuten bere kide guztiek: planto egin eta gehiago ez jokatzea erabaki zuten.

Epaileak, beraz, bertan behera utzi behar izan zuen partidua, amaitutzat emanez. Dena den, uko egin zion aktan benetan gertaturikoa jasotzeari, ez baitzuen jokalariak jasandako irain arrazisten berri eman nahi izan. Lehen zati osoan zehar, gainera, ez zuen esku hartu.