"Debekua kendu, Bergarako txosnak denontzat!" aldarritzat hartuta, Bergarako (Gipuzkoa) Mugimendu Sozialistak mobilizazio-deialdi bat egin du etzirako, ostegunerako. Udalak (EH Bildu) ezarritako debekuaren aurka, Mugimendu Sozialistak Munibe Plazan muntatuko du txosna arratsalde horretan, 16:30ean. Horren ondoren, 19:00etan, udalaren debekua salatzeko kontzentrazio bat izango da, eta jarraian, kontzertu akustikoa eskainiko du Ktarsia taldeak.
"Udalak jarritako oztopoen gainetik, Bergarako jaietan gure ekarpena egiteko asmo irmoarekin jarraitzen dugu. Eguenean Munibeko txosnaren muntaketari ekingo diogu eta dei egiten dugu denok bertan parte hartzera", azaldu dute Bergarako txosnak denontzat izeneko kanpainaren barruan. Izan ere, udalak birritan ukatu dio Mugimendu Sozialistari festetan parte hartzeko aukera: Oxirondoko jaigune berritik kanpo utzi zuen lehenengo, eta beste toki batzuetan (Munibe Plaza kasu) txosna ipintzea debekatu dio gero. "Interes publikoaren izenean, modu arbitrario batean, espazio publikoen erabilera ukatu digu", salatu dute Mugimendu Sozialistako antolakundeek.
Hilabete honetan bertan egin dute agerraldi jendetsu bat Bergaran, EH Bilduren udalak jaietatik kanpo laga nahi dituela salatzeko eta egoeraren berri emateko. Aurtengo festetarako antolatutako egitarau zabal baten berri ere eman zuten: maiatzaren 22tik 26ra bitartean izango dira Mugimendu Sozialistak prestatutako ekimenak, parte-hartze zabalarekin.
