AKTUALITATEA / Jazarpen politikoa
Bergarako Udalak txosna jartzea debekatu dio Mugimendu Sozialistari
Mugimendu Sozialista Oxirondoko gune berritik kanpo utzi ostean, Muniben txosna jartzeko baimena ukatu dio udalak (EH Bildu): "Interes publikoaren izenean, modu arbitrario batean, espazio publikoen erabilera ukatu digu". Bergarako txosnek "denontzat" izan behar dutela aldarrikatzen du mugimenduak.
2026eko maiatzaren 18 - 05:38
Bergarako Udalak txosna jartzea debekatu dio Mugimendu Sozialistari

Bergarako Udalak (EH Bildu) Mugimendu Sozialistari Munibe Plazan txosna ipintzea debekatu dio, jaietan txosna bat izateko aukera ukatuz. "Gure nahia hasieratik Oxirondoko txosnagune berrian guk ere txosna jartzea izan da. Baina udalak aukera hori ukatu digu. Beste aukerarik ez proposatzeaz gain, ez digu baimenik eman herriko beste bi lekutan [Irala kalea eta Munibe] txosna jartzeko, inolako alternatibarik gabe utziz", azaldu du Mugimendu Sozialistak.

Duela hilabete sartu zuten Bergarako (Gipuzkoa) festetan espazio publiko horiek erabili ahal izateko eskaera, eta jaiak hasteko hamar egun baino geratzen ez zirenean jaso zuten erantzuna: ezezkoa, alegia. Udalak "arrazoi teknikoak" argudiatuta ezeztatu du txosna Muniben jartzeko eskaera, baina Mugimendu Sozialistak gogorarazi du "txosna jartzeko eta jaietarako" espazio egokitzat hartu izan duela udal berak beste kasu batzuetan, San Martin jaietan edo azken Erramu Zapatuan, esaterako. Bergarako kideek argitu dute, gainera, txosna Muniben ipintzeak ez duela "eraginik" herriko plazan izaten ari diren obretan.

"Argi geratu da EH Bilduk ez duela nahi Mugimendu Sozialistak txosnarik izatea. Interes publikoaren izenean, modu arbitrario batean, espazio publikoen erabilera ukatu digu", salatu dute Mugimendu Sozialistatik. Horiek horrela, dei egin diote udalari "debekua kentzera eta denontzat izango den txosnagune bati oztoporik ez jartzera".

Duela hainbat egun egin zuten agerraldi bat herrian, 'Bergarako txosnak denontzat!' aldarritzat hartuta: azaldu zuten EH Bildu buru duen udalak Mugimendu Sozialista festetatik kanpo laga nahi zuela, Oxirondoko gunetik at utzi ondoren, beste espazioren bat erabiltzeko eskaerei entzungor egin baitzien. Bada, prentsaurrekoa egitean, mugimenduak jakinarazi zuen lan egingo zuela "guztiontzako txosnagunea izan arte", eta egitarau indartsu bat aurkeztu zuen aurtengo jaietarako: maiatzaren 22an hasiko dira ekimen horiek, ostiralez.