AKTUALITATEA / Jazarpen politikoa
Bergarako Udalak jaietatik kanpo utzi nahi du Mugimendu Sozialistaren txosna
Udalak Oxirondoko gune berritik kanpo utzi du Mugimendu Sozialista eta, momentuz, ez dio baimenik eman beste espazioren bat erabili ahal izateko. 'Bergarako txosnak denontzat' kanpaina abiatu dute herrian.
2026eko maiatzaren 14 - 09:00
Bergarako Udalak jaietatik kanpo utzi nahi du Mugimendu Sozialistaren txosna

Bergarako (Gipuzkoa) Mugimendu Sozialistak agerraldi bat egin zuen aurreko astean, herriko jaietan hainbat urtetan jarri duen txosnaren egoera azaltzeko, arriskuan baitago. Lau urtez, plazan ipini du txosna Mugimendu Sozialistak, baina aurten, plazako obrak direla-eta, toki hori ez da erabilgarri egongo. Oxirondon jai-gune berri bat sortu dute horregatik, baina udalak (EH Bildu) hortik at utzi du Mugimendu Sozialista. Festak hasteko astebeteren faltan, inolako alternatibarik ez dio eman: "Beste kokapen batean txosna jartzeko baimen gabe jarraitzen dugu".

Bergarako kideek azaldu dutenez, duela lau urte jarri zuten txosna lehenengo aldiz, plazan. "Urtero txosna jarri eta jaietan gure ekarpena egitea lortu dugun arren, gure errealitatearen parte bilakatu dira azken egunera arte baimenik ez izatea, erantzun eza, bazterketa, materiala ez uztea eta abar", ekarri dute gogora. Orain, gainera, ez dio espaziorik bermatu datozen festetarako: "Udalak ez digu inolako aukerarik eman Oxirondon sortu duten gune berrian parte hartzeko. Hori gutxi ez, eta herriko beste leku batean txosna jartzeko ere ez digu baimenik eman, inolako irtenbiderik gabe utziz". Bestalde, orain arte, zozketa bitartez kudeatu eta esleitu izan da beste txosna bat herrian, baina aurten hura ez omen dago erabilgarri orain.

Udalaren jarrera salatu du Mugimendu Sozialistak: "Aukera berdintasunetik oso urrun, interesatzen ez zaizkion proposamenak, ideia politikoak zein beharrak ditugun gainontzekoei txosnagunean parte hartzeko aukera ukatzen digu". Eta gaineratu du: "Onartezina iruditzen zaigu udalak, instituzio publikoa izanik, interes partidisten arabera erabiltzea baliabide publikoak". Horiek horrela, "Bergaran eragile desberdinek eskubide berdinak izango dituzten txosnagune baten beharra" nabarmendu du, eta jakinarazi du borrokan jarraituko duela "guztiontzako txosnagunea izan arte".

Mugimendu Sozialistak aurreratu du Munibe Plazan ipiniko duela aurtengo txosna, maiatzaren 22an, 23an, 24an, 25ean eta 26an hain zuzen ere. Egitarau zabala prestatu du, parte-hartze handiarekin. Maiatzaren 22an, ostiralez, Inguma, Komerik erromeria eta DJ Guti eta Felixin arituko dira kontzertua ematen, eta 23an arituko dira Ilargi txaranga, Istilu, DJ Blind, Men2a eta DJ Tintz. 24an, igandez, Hondamendia ikuskizuna eskainiko dute Asier K eta Antton Telleria umoregileek, eta 25ean, berriz, kontzertua izango da berriz: Ateri, Rances eta DJ Rvda. 26a izango da azken eguna, eta bertso-saio batekin itxiko dituzte festak: Aroa Arrizubieta, Andoni Egaña, Elixabet Etxandi eta Julio Soto bertsolariek abestuko dute bertan.