AKTUALITATEA / Preso politikoak

Berangoko epaiaren aurrean

Gutun hau idatzi dute Garikoitz Etxeberria, J.M. Etxeberria 'Goierri', Jon Kepa Preciado, Patxi Ruiz eta Mikel San Sebastian preso politikoek, Berangoko ongietorrien auzia dela-eta: "Poztekoa da borroka politikoaren printzipio iraultzaileak erdigunean ipini izanak halako emaitza izatea".
2026eko irailaren 1 - 06:56
Berangoko epaiaren aurrean

Hona hemen gutuna, osorik:

"Berangoko ongietorriari dagokionez, ekainean burutu zen epaiketaren ebazpena jakin dugu: 16 lagunak absolbituak izan dira. Urte batzuetako ikerketaren osteko epaiketak amaiera pozgarria izan du eta prozesu errepresibo horretan ikusi diren hainbat gertakizun gogoratu nahi ditugu.


Hasteko, epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean erakunde eta alderdi faxisten, epaileen, fiskalen eta guardia zibilen elkarlanarekin gauzatu zuten, eta hor ohikoa den bezala, errepresioa eta militante politikoen eskubideen urraketak nagusitu ziren. Besteak beste, auzipetu batzuen azken hitza moztuz eta froga objektibo barik polizien salaketei protagonismoa emanez, espetxe zigorraren arriskuari aurre egin behar izan zioten gure lagunek.


Tentsio giro horretan auzipetuen aldetik jarrera duinak eta koherenteak nabarmendu ziren, euren militantzia politikoa aitortuz eta jarduera politikoaren defentsa jorratuz, anbiguotasunik eta lotsarik gabe.


Bestalde, inork ez du zalantzarik izan behar afera politiko baten aurrean gaudenaz. Euskal preso politikoen ongietorriak ekitaldi politikoak dira eta Espainiako Auzitegi Nazionalean entzundako bi aldeen argudioak horren adierazle dira. Eskubide politikoez eta zibilez ari gara, non batzuk zapaldu nahian dabiltzan, eta beste batzuk aldiz, defendatzeari ekiten diogun. Ikuspegi honetatik, ongietorriak ospatzea aldarrikatzen dugu eta horregatik epaitu dituzten lagunei gure aitortza eta esker ona helarazi nahi diegu.


Urte hauetan, eta batez ere azken hilabeteetan, auzi honen inguruan egon diren mobilizazio zabalak nabarmendu nahi ditugu. Hitzaldiak, elkarretaratzeak, Euskal Herrian eta atzerrian elkartasun keinuak, arlo ezberdinetako taldeen eta pertsonen sostengua... Eta maiatzaren 30ean egin zen manifestazio nazional arrakastatsua izan zen adibiderik argiena afera honek nolako garrantzia daukan ikusteko.


Manifa horren harira plazaratu genuen idazkian esaten genuen bezala, garrantzitsuena errepresioaren aurrean dugun jarreraren nolakotasuna da, eta hemen ikusi dugu militantzia politikoaren aitortza eta defentsa borrokaren zati ezinbestekoak izateaz gain, borrokari berari ere zentzua ematen diotela.


Auzi honen inguruan mugitu dena aintzat hartuz, esan daiteke azken urteotako mobilizaziorik esanguratsuenetako bat izan dela, bai kuantitatiboki, bai kualitatiboki. Poztekoa da borroka politikoaren printzipio iraultzaileak erdigunean ipini izanak halako emaitza izatea. Honek, gure eskubide eta helburu politikoak jokoan daudenean gure ideiei eta jarrerei eusteak merezi duela erakusten baitigu. Askotan, herri honetan, zapaltzaileen aurrean gure ekintzen zilegitasuna protagonista izan da, eta kasu hau ez da salbuespen bat.


Afera honen inguruan mobilizatu diren sektoreak, aldarrikapenak, adierazpenak, elkartasun politikoak, auzipetuen jarrera koherenteak eta duinak ezin dira absoluzio horren itzalpean geratu. Azkenean denok nahi genuen bukaera lortu da, baina ezin da ahaztu urte hauetan kartzelaren mehatxupean 16 lagunek bizi izandakoa, ezta orokorrean erakutsi duten borrokarekiko konpromisoa ere. Azken urteotan Euskal Herrian eman den borroka kolektiborik sendoena izan da, herritik eta herriarentzat landua, eta prozesu honetako pauso bakoitzean jorratu den oro kontuan gorde behar dugu.


Batzuentzat, esperientzia berria izan da. Batez ere militante belaunaldi gazteentzat, zeinek asimilazio basatiari aurre egiten dioten. Gainontzekoontzat aldiz, ildo zuzenean jarraitzen dugunaren baieztapena izan da. Auziaren bukaerarekin poztu bagara ere, bidean egindako lana goraipatu nahi dugu kartzelatik.


Asimilazioaren ordez koherentzia iraultzailea aukeratzen duenak beti irabaziko du, zapaltzaileen errepresioari men egin beharrean duintasunaren matxinada aukeratzen duena ez baita inoiz hilko. Herri honetan berriz erakutsi da borroka dela bidea.


Afera honetan auzipetuek erakutsi duten erantzukizun politikoa eta herritik jaso duten sostengua eta konpromisoa azpimarratu nahi ditugu. Eta amaitzeko, besarkada estu bana auzipetuei, prozesu osoan erakutsi duzuen jarrera eredu izan baita guretzat, eta hain zuzen horixe izan delako mobilizazio handi honen motorra. AUPA ZUEK!!!


BETI GOIZEGI DA AMORE EMATEKO! BORROKA DA BIDE BAKARRA!

ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN DEFENTSAN AMNISTIA!


BERANGOKOAK ASKE! AMNISTIA OSOA!

Garikoitz Etxeberria, J.M. Etxeberria Goierri, Jon Kepa Preciado, Patxi Ruiz, Mikel San Sebastian

 

Euskal Preso Politikoak".