Duela egun gutxi jakin da erailketa matxista bat izan zela Euskal Herrian aurreko hilean: Angelun (Lapurdi), bere buruaz beste egin zuen 19 urteko neska batek, gizonezko batek bera bortxatu ondoren. "Eraso honek agerian uzten ditu indarkeria matxistak emakumeen bizitzetan dituen ondorio lazgarriak", salatu du Itaiak. Erasotzaileen inpunitatea ere nabarmendu du, eta gogorarazi du Frantziako Estatuan "emakume bat erasotua edo bortxatu" izaten dela "bi minuturo"; "hiru minuturo, adingabe bat".
Joan den asteburuan, Angelun gertatutakoa salatzeko mobilizatu da Itaia, eta protestak egin ditu hainbat hiriburutan eta herritan, Indarkeria matxista orori aurre egin! lelopean. "Matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei aurre egiteko", "erasotzaileen aurka posizionatzeko" eta "erasoa jasan duten emakumeen babesa bermatzeko" beharra azpimarratu du Itaiak mobilizazioetan.
Oroitarazi du, gainera, Ipar Euskal Herriko Itaiak hilabete honetan salatu dituela hainbat eraso larri: "Baionan emakume bat drogatu, bortxatu eta bortxaketaren irudiak zabaldu ditu bere bikotekide gizonak; Miarritzen hiru eta lau urteko haurrei eraso egin diete bi begiralek; eta adingabeen aurkako sexu-erasoen salaketak 500dik gorakoak dira Ipar Euskal Herrian".