AKTUALITATEA
Sektoreko lan-baldintza prekarioen kontra, borrokan jarraitzen dute ekitaldietako eta ikuskizunetako teknikariek, eta beste bi greba-egun antolatu dituzte Hego Euskal Herrian hilabete honetarako: azaroaren 26an eta 27an egingo dituzte hurrengo lanuzteak, Espainiako Gorteetarako hauteskunde-kanpainaren amaierako ekitaldiak izango liratekeen asteburuan alegia. "Greba-egun hauek ezinbestekoak dira, eta haiek babesteko deia egiten dugu, bai langileei, bai jendeari, baita antolatzaile eta gainerako eragile guztiei ere", azaldu zuten atzo sektoreko beharginek prentsaurreko baten bidez.
Aurreko lanuzteetan bezala, Teknikariok Sindikatuak, ESK-k, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk eta CNTk deitu dute grebara. "Patronalaren immobilismoa eta pasotismoa gainditzea" bilatzen dute langileek, eta horri begira egingo dituzte lanuzteak. "Sektore hau prekarizatuta dago, eta behingoz arautu beharra dago", nabarmendu dute.
Ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek hilabeteak daramatzate protestan, eta mobilizazio historikoak egin zituzten, esaterako, joan den udan: Bilboko, Gasteizko eta Donostiako jai nagusietan jo zuten grebara. Momentu honetan, bi negoziazio-mahai daude eratuta teknikarien lan-baldintzen inguruan hitz egiteko: Nafarroan AESTAN patronalarekin ari dira negoziatzen sindikatuak, eta EAEn EUKIrekin. Salatu dute, ordea, bi mahaiak blokeatuta dituztela lekuan lekuko patronalek eta langileen eskaerei muzin egiten segitzen dutela, "blokeo hori mesedegarria" zaielako: "Negoziaziorik ez badago, eta lan-hitzarmenik adosten ez bada, enpresek langileen lan-eskubideak modu sistematikoan urratzen jarraitu dezakete". Eta gaineratu dute: "Enpresek euren alde baliatu dute sektorearen arau falta, eta horregatik hartzen dute edozein akordio-proposamen kontzesio handitzat".
Atzoko agerraldi-deialdiaren berri izatean, sindikatuekin harremanetan ipini zen EUKI, baina langileen "konpromisoak bete" gabe segitzen du. "Batez ere malgutasunari buruzko neurriak eskatzen ditugu, eta horiek betetzen ez diren bitartean, eutsi egingo diogu mobilizazio egutegiari", argitu zuten sindikatuek. Horiek horrela, azaroaren 26an eta 27an izango dira hurrengo hitzorduak.