Etxerik ez duten pertsonen aurkako desalojo erraldoiek eta jazarpenak ez dute atsedenik Euskal Herrian, udal-gobernuan alderdi politiko bat edo beste egon. Gaurkoan, Iruñetik datoz albiste latzak: Aranzadiko komentu zahar batean bizi ziren 140 bat lagun etxegabetu ditu Iruñeko Udalak (EH Bildu), operazio polizial baten bidez. Hainbat kolektibok, tartean Negu Gorriakek eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, azaldu dute etxerik ez duten hainbat eta hainbat pertsonaren bizitokia dela komentua, asko, nora joan ez duten jatorri magrebtarreko gazteak. Abisurik gabe eta kaltetuei bizitoki-alternatiba errealik bermatu gabe bota dituzte eraikinetik gaur goizean.
"Kaltetutako pertsonetako batzuek baieztatu digute mahai gainean jarri dieten bakarra izan dela Iruñea uzteko autobus-txartel bat", jakinarazi dute Negu Gorriak dinamikako kideek. Eta ez hori bakarrik: ustezko "alternatiba" horietara sarbidea izateko, pasaporteak konfiskatzea jarri diete baldintza modura gizarte-zerbitzuetatik. Desalojoan, gainera, udaltzainek ez diete utzi komentura sartzen, euren gauzak hartu ahal izatea galaraziz. Jabetza horien artean daude euren egoera admibistratiboa legeztatu ahal izateko beharrezko dokumentuak eta beste. Pertsona batzuk atxilotu ere egin ditu udaltzaingoak, modu arbitrarioan, hainbat kolektibok gaitzetsi dutenez. Oraingoz ez dago argi zein den atxilotuen egoera.
Protesta modura, etxegabetuak izan diren gazteetako batzuek lesioak eragin dizkiete euren buruari. Eguerdi aldera, Udaletxe Plazara bertaratu dira kaltetutako pertsonetako batzuk, protesta egiteko asmoz, eta Alde Zaharreko Zapateria kaleko udal-bulegoetara ere jo dute euren kexak eramateko. Negu Gorriakek nabarmendu du gaurko desalojoa ez dela kasualitatea, apirilaren 18rako auzolan handi bat baitzegoen deituta Aranzadin bertan, hamaika kolektibo sozialen babesarekin: espazioa egokitzea, atontzea eta garbitzea zen asmoa. "Udalak aldez aurretik pentsatuta eta jakinaren gainean egonda jardun du, elkartasun komunitarioko ekintza hori gauzatu ez zedin", salatu dute Negu Gorriaketik.
Beste behin ere, Iruñerrian kale-egoeran dauden ehunka pertsonen egoera larriaz ohartarazi du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Aranzadi inguruan bakarrik, 215 bat lagun identifikatu ditu Poliziak azken urtean, eta komentu zaharraz gain, beste hainbat eraikinetan eta kanpin-dendekin eraikitako kokalekuetan bizi dira etxerik ez duten hainbat eta hainbat pertsona. 2024an kale-egoeran zeuden 250 bat pertsonaren berri izan zuen sindikatuak Iruñerrian.